Euskerazko musikea eta literaturea, Arriaga Antzokiko foyerrean
2021-11-11 12:49 MusikeaBost kontzertuko zikloa zemendiaren 29an hasiko da.
Bilboko Arriaga Antzokiak eta Udaleko Euskera Sailak barriro antolatu dabe Literaturea eta Musikea Euskeraz zikloa, 2021eko zemenditik 2022ko martira bitartean. Euskerazko musikea ardatz daben bost emonaldi izango dira, literaturaz txipriztinduta, sortzaile ezagunen eskutik. Formatu txikiko kontzertuak, hurrekoak, izan daitezan, foyerrean batuko dira artistak eta publikoa.
Igaz, Covid-19aren ondoriozko osasun neurriakaitik, agertoki nagusian izan ziran zikloko emonaldiak. Foyerrera bueltauta, beraz, Arriaga Antzokiko arduradunek dinoe giro berezia berreskuratuko dabela, erosoagoa eta intimistagoa izango dalako.
Bost emonaldietatik lehenengoa zemendiaren 29an izango da. Harkaitz Canok Raymond Carverren poemak irakurriko ditu, eta Trizak taldeak musikea joko dau, jazz estilokoa. Hasier Oleaga (bateria), Julen Izarra (saxoa) eta Jon Piris (kontrabaxua) dira hirukoteko kideak. Arriagan entzun ahal izango diran Carverren poemak Harkaitz Canok berak euskeratu ditu.
Hurrengo hitzordua abenduaren 13an izango da. 1966an sortutako Oskarbi taldeak oraindino sasoiko dagoala erakutsiko dau, Kantua zueri hamabigarren diskoa aurkezteaz gan.
Zikloko beste hiru hitzorduak 2022an helduko dira. Urtarrilaren 17an, William Shakespeare ingelesaren sonatak euskeraz entzun ahal izango doguz, Joxan Goikoetxea, Olatz Prat eta Iosune Marinen errezitaldian. Zezeilaren 22an, Katixa Agirre idazleak eta Maite Larburu musikariak Kax-kax-kax! saioa emongo dabe. Azkenik, martiaren 21ean Mikel eta Esti Markez aita-alabek kantauko dabe Arriagan.
Bihar, zemendiak 12, hasiko dira sarrerak saltzen, antzokiaren webgunean zein leihatilan. Prezio bakarra ezarri dabe, 15 euro.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!