'Gonzalo Chillida', Parisen, Erroman, Tokion eta Bilbon

Bizkaie! 2021-11-10 08:18   Kulturea

Erakusketea bart inaugurau dabe Parisko Cervantes Institutuan.

Cervantes Institutuak eta Acción Cultural Españolak (AC/E), Etxepare Euskal Institutuagaz eta Bilboko Arte Eder Museoagaz batera, Gonzalo Chillida erakusketea aurkeztu dabe eta, ezustekorik ezean, zemendiaren 9tik 2022ko zezeilaren 28ra Parisko Cervantes Institutuan egongo da ikusgai eta, gero, nazinoarteko ibilbideari ekingo deutso, Institutuak Erroman (2022ko martia/bagila) eta Tokion (2022ko garagarrila/urria) dituan egoitzetatik, 2023an Bilboko Arte Eder Museoan amaitu arte.

Artearen historialari eta komisario independente eta artistearen alaba Alicia Chillidak komisariauta, erakusketeak 34 margolan, 10 litografia eta 180 erretratu eta fotocollage inguru batzen ditu, Gonzalo Chillidaren (Donostia, 1926-2008) zeregin artistikoaren adierazgarri.

Artelanak familiarenak eta beste bilduma partikular eta publiko batzuetakoak dira (Donostiako San Telmo Museoa eta Donostiako Kutxa Bildumea, Bilboko Arte Eder Museoa eta Madrilgo Juan March Fundazinoa) eta 1950etik 2007ra bitarteko kronologia dabe; artista hil baino urtebete lehenagora artekoak dira, beraz.

Erakusketan, gainera, 2016. urtean Alicia Chillidak eta Benito Maciasek zuzendutako La idea del Norte filmaren proiekzinoa sartu da, 40 minutuko iraupena dauen filman pintorearen sormen-prozesuan eta ibilbidean zehar behin eta barriro jorratutako motiboetan (itsasoa, harea, basoa, zerua...) sakontzen da. Ahots gogoetatsu batek artistearen artxiboko materiala ( Super 8 formatuko filmak eta jatorrizko erretratuak) haren obrearen hiztegi bisualaren esentzia bihurtzen dau. Dokumentalean, gainera, artistearen bizitzeagaz loturea daben personek esku hartu eta bizitoki eta beharleku izandako lekuak berreskuratzen ditu.

Erakusketea dala-eta, argitalpen bat argitaratu da (euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta japonieraz), Alicia Chillidaren aurkezpen bategaz eta Miguel Zugazaren epilogo bategaz eta Gonzalo Chillidaren beharrari denporan zehar lagundu eutsen egileen idazkiak berreskuratzen ditu: José Ángel Irigaray (Iruñea, 1942) eta Gabriel Celaya (Hernani, Gipuzkoa, 1911-Madril, 1991) poetak, Antonio Saura margolaria (Huesca, 1930-Cuenca, 1998) eta Francisco Calvo Serraller historialari eta arte-kritikaria (Madril, 1948-2018).

Gonzalo Chillida (Donostia, 1926-2008)

Pinturearen aurrean bokazino goiztiarra sentidu eban, leial eutsi eutson bizitza osoan eta estilo guztiz personal eta garaikidea jorratu eban, mobimentu eta etiketa guztietatik kanpo. 1947an, hogeita bat urte zituala, Madrilera joan zan eta San Fernandoko Arte Eder Akademian sartu zan; Arte Ederren Zirkuluan hasi zan marrazketa-eskolak hartzen eta horregaz batera, Prado Museora egindako bisitak izan ziran eskola handia harentzat, hor ikasi ebalako Goya, Zurbarán, Sánchez Cotán eta beste maisu espainiar batzuen pinturea eta horreen eragina sinplifikazio formalean eta bere lehen natura hil eta paisajeen figurazinoaren dotoretasun kromatikoan. Italiako quattrocento garaiko pintore batzuen estetikea be ekarten dabe gogora, Giotto edo Piero della Francesca kasu, bai eta urte hareetako maisu zan Daniel Vázquez Díazen eta Giorgio Morandiren pintura metafisikoa be.

1951n, Parisen kokatu zan ezagutzak sakontzeko eta, han, artearen korronte barriakaz jarri zan hartu-emonetn, baita harentzat eragin handikoak izango ziran Eusebio Sempere, Georges Braque eta, batez be, Pablo Palazuelo sortzaileakaz be. Urte bi geroago, 1953an, Euskal Herrira bueltau eta jatorrizko urian jarri zan biziten behin betiko. Kantauriko atmosfereak, haren argi-ezaugarriek eta paisajearen indar tektonikoek eratu eben artistearen heldutasuneko lana. Hareak, itsas pinturak, Basoak-Mendiak eta Zeruak izan ziran bere arlo tematiko nagusiak.

1955ean, Erromako Espainiako Akademiara joan eta erakusketa kolektibo batean parte hartu eban. Antxinako kulturen enigmeagaz interesauta, urte horretan bertan bidaia garrantzitsu bat egin eban Italiako uriburutik hur egoan Cerveteriko aztarnategi etruriarra ikertzen. Jakinmin intelektual bera izan eban nagusi euskal historiaurrea eta mineralen eta fosilen mundua aztertzeko.

Errealismotik eta forma naturalen zein Euskal Herriko eta Gaztelako paisajeen aurreko interesetik abiatuta, Gonzalo Chillida izeneko gizon sekretu honek (Gabriel Celayaren berbetan) pintura geometrikotik eta abstrakzinotik eratorritako formakaz esperimentau eban. Korronte horreek behin betiko eragina izan
eben haren estiloaren konfigurazinoan, 50eko hamarkadearen amaierearen eta 60ko hamarkadearen hasierearen artean, lengoaia propio bat zehaztu ebalako.

Itsasoari eta hondartzeari, euskal mendietako paisajeari edo goi-lautadako ikuspegiei mugatutako ikonografiatik abiatuta, haren pinturak gustu sensorialari eta gris eta okreen paleta dotoreari eutsi eutsen, baina bilakatuz joan zan gero eta desitxuratuagoak eta libreagoak diran konposizinoetarantz.
Pintzelkada sotilen bidez lortutako formek Erromantizismoaren eta ekialdeko artearen zeozelako poetikea ekarten dabe gogora.

Funtsezkoenera egindako bidaia horren ondorioz, 60ko hamarkadatik aurrera, harearen gainean pausautu eban begiradea eta izenburu hori emongo deutse obra askori; horreek bilakaera nabarmena izango dabe, gitxi gorabehera ezagutu daitekezan irudikapenetatik abstrakzinoaren mugan kokatutako forma liriko eta igeskorragoetara.

Bakarkako lehen erakusketea Madrilen egin eban, Juana Mordó galerian, 1964an. El Paso abangoardiako taldeko artistakaz eta Cuencako Arte Abstraktuaren Museoaren inguruan batutakoakaz (Antonio Saura edo Fernando Zóbelegaz, horreetako bi aitatzeagaitik) izandako hartu-emonak oinarrizkoak izan ziran bere interes artistikoetarako.

2001ean, Arte Ederren Urrezko Dominea irabazi eban, egindako ibilbideagaitik. Haiku japoniarraren genero poetikoaren laburtasunak ondo hartzen dau Gonzalo Chillidaren obrearen esentzia eta, aldi berean, naturea erakusten dau bere interesaren objektu bakartzat. Berak idatzita itxi eban bezela:
Itsasoa atzera doa, zerua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu