Ondarrutar Naturala lehiaketan izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2021-11-09 13:32   Euskerea berbagai

Bikoteka hartu leiteke parte abenduaren 19ko saioan.

Herriko euskerearen, izakerearen eta kulturearen transmisinorako tresna aproposa izango zalakoan antolatu eban Ondarroako Udalak, igazko udagoienean, Ondarrutar Naturala lehiaketea, eta izandako arrakastea gogoan, barriro egitea erabagi dabe. Oraingo honetan, abenduaren 19an ipini dabe hitzordua, Beikozinin, eta izena emoteko epea zabalik dago, hil horren 12ra arte.

Trivial edo galdera-erantzunen jokoa da Ondarroa Naturala, eta bikoteka parte hartzeko moduan pentsau dabe. Herriko hainbat konturen inguruko galderei erantzun zuzena emon beharko deutse parte-hartzaileek, esate baterako, historia, kulturea, berbetea, kaleak, pasadizoak... Domeka arratsaldea herriko gorabeheren inguruan ondo pasetako saio aproposa da, Euskera zinegotzi Arantxa Atxurra Arangurenen arabera. 

Igazko edizinoan Ondarroari lotutako informazino ugari agertu zan lehiaketan, eta lehiakideek zein publikoak hobeto ezagutu ahal izan eben euren herriaren izakerea. Danok ikasten dogu herriari buruzko zeozer Ondarrutar Naturala lehiaketan, dino Atxurra Arangurenek.

Parte hartzen daben bikoteetan gazte eta heldu bana egon beharko dira, edo bestela heldu bi. Edadeari jagokonez, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik gorakoak onartuko ditue, eta 16 urtetik gora heldutzat joko ditue. Ondarroako ikastetxeetan erraztasunak emongo ditue ikasleek izena emon deien.

Ondarroako udaletxeko Euskera sailean (1. solairuan) edo turismo bulegoan emon leiteke izena. Bestela, mrey@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita. Etorri, ederto demasin pasakou!, konbidapena zabaldu dau Ondarroako Udalak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu