Etxepareren idatziak gaur egungo euskerara egokitu ditu Xabier Amurizak
2021-11-09 12:40 KultureaJatorrizko bersinoa eta egokitzapena alkarren ondoan dakarz Jalgi Hadi Batura liburuak.
Oker baten ona edo txarto-ulertu baten ondorio pozgarria da Xabier Amurizaren liburu barriaren abiapuntua, Bilbon egindako aurkezpenean berak azaldu dauenez. Bilbo Zaharra euskaltegiaren 2021eko Irakurraldi Jarraituan Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurriko ebela eta, Xabier Amurizak testua aztertu eban, eta pasarte batzuk euskera batura ekarri zituan.
Horrek eragin eban txarto-ulertua, hain zuzen. Prentsan zabaldu zan Etxepareren liburua osorik egokitu ebala, eta ikusmina sortu zan, noiz argitaratuko ete eban. Nik asmorik ez neukan lan hori egiteko, baina interesa sortu zala ikusita, egingarria zala pentsau neban. Eta Linguae Vasconum Primitiae-ko bertso guztiak euskera batura egokitzeari ekin eutsan.
Lan luze horren emoitzea da orain aurkeztu dauen Jalgi Hadi Batura. Euskeraz egindako libururik zaharrena da Etxeparerena, 1545ean Bordelen ikusi eban argia, eta egokitzapen honi esker, adituak ez diranek errazago irakurri ahal izango ditue orain dala ia bost mende idatzitako testuak.
Ez da itzulpen edo egokitzpen literala, Etxepareren berbak gaur egungo euskera batuaren arauetara ekarri baino gehiago egin dau Amurizak. Bersino bat dala dino Etxanoko idazleak, Etxepareren errima sinplea eta doinu gorabeheratsuak pixka bat aldatu ditu, eta gaur egungo irakurlearentzat ezagunagoak diran berba batzuk sartu. Ulergarri egin nahi izan dot adituak ez diranentzat.
Hori bai, Etxepareren estiloa gorde dau, ahalegindu da jatorrizkoaren tonuari edo aireari eusten. Aldatu egin dot testua, baina senak itxi deustan lekuraino.
Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae gaur egungo irakurleari hurreratzea alderdi askotatik egiten jako interesgarri Xabier Amurizari. Batetik, jakina, euskeraz idatzitako libururik zaharrena da eta, ganera, Etxeparek horren kontzientzia sendoa eukan. Sautrela eta Kontrapasa bertsoetan agertzen dauen ikuspegiak harritu egiten dau Amuriza: euskerea munduko plazara eroan nahi eban, eta beste hizkuntzen ganetik ipini.
Bestetik, Trentoko Kontzilioko erabagi zorrotzak hartu bezperan plazaratutako liburua izan zala aprobetxauta, Etxeparek gai harrigarri batzuez idatzi eban, eleizgizona zala kontuan izanda. Maitasunaren inguruko bertsoak dagoz, batzuk nahiko gordinak, eta emakumeen alde egiten dau, gizonak baino hobeak dirala esanez.
Traizino eta kartzelaldiak sufridu zituan Etxeparek eta, beharbada, emakumeen alde baino, gizonen kontra idaztea izan zan Etxepareren benetako asmoa, Amurizak susmatzen dauenez. Edozein kasutan, orain dala 500 urte baino gehiagoko abade batentzat ikuspegi positiboa eukan emakumeen inguruan.
Bilbo Zaharra euskaltegiko kide Pedro Alberdik eta Xabier Amurizak berak berbaurre bana idatzi ditue libururako. Etxepareren jatorrizko testua ezkerreko orrialdeetan topauko dau irakurleak, eta aurrez aurre, eskumakoetan, Amurizaren egokitzapena. Era horretara, nahi dauen bersinoa irakurri leike bakotxak, edo konparazinoak egin.
Jalgi Hadi Batura argitaratuta be, Xabier Amurizak Etxepareren obrearen inguruan egin nahi dauen lana ez da amaitu. Saiakera bat idatzita dauka eta datorren urtean aurkeztu nahi dau. Era berean, liburuko bertso batzuk aukeratu ditu, adierazgarrienak diralakoan, musikaz emoteko moduan. Izan be, Amurizak garbi esan dau Bernat Etxepare euskal bertsolari edo koblakarien artekoa zala eta doinuaren laguntzaz kantetako idatzi zituala Lingua Vasconum Primitiae-ko testuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!