Dana prest 2021eko Xilabako finalerako
2021-11-09 09:24 BertsolaritzeaZapatuan, hilak 13, jokatuko da, Donibane Lohizunen.
Bide luzea egin dabe bertsolariek Xilabako finalera heltzeko, izan be, 2020an hasi zan txapelketea, osasun egoereagaitik bertan behera itxi eben, eta 2021eko irailean barriro ekin eutsen; sei onenek Donibane Lohizunen kantauko dabe. Zapatuan, zemendiak 13, izango da hitzordua, orduan jakingo dogu zein dan Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko aurtengo txapelduna.
Sei hautagaiak honeek dira: Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddi Ane Txoperena, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart eta Miren Artetxe. Azken honen faltan, beste bostek agerraldia egin dabe, Bertsularien Lagunak alkarteko ordezkari Ortzi Idoategaz batera, Donibane Lohizunen, bertako Kanpos Berri Jai Alai frontoian jokatuko dalako zapatuko finala.
Ortzi Idoatek eskerrak emon deutsez bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta antolatzaileei, baita alkarteei eta udalei be, hareen laguntzino barik txapelketea egitea ezinezkoa litzatekeelako. 24 bertsolarik hartu dabe parte 2021eko Xilaban, 18 pasau ziran finalaurrekoetara eta hortik sei heldu dira finalera.
Saioak antolatzeko orduan, lurraldetasuna gogoan hartzen ahalegindu dira, eta Xilaba Ipar Euskal Herriko txoko guztietara eroaten. Ohi baino entzule gitxiago batu dirala onartu dabe Bertsularien Lagunak alkartekoek, osasuna babesteko arau zorrotzek guztiz baldintzatu dituelako areto barruetako ekitaldiak.
Kontuak kontu, dana dago prest zapatuko finalerako. Sei bertsolariak ez eze, Aritz Bidegain eta Amaia Castorene gai-jartzaileak be oholtzan ikusiko doguz, eta Andoni Iturriotzek jantziko deutso txapela irabazleari.
17:00etan hasiko da saioa. Agurren ostean, hamabosna bertso puntuagarri bota beharko ditue sei finalistek, batzuk binaka eta beste batzuk bakarkako lanean. Puntuazinorik onena daben bertsolari biak buruz burukora pasauko dira, txapelduna zein izango dan erabagiko dauen fasera.
Finaleko sarrerak online erosi leitekez dagoeneko, Bertso Sarrerak webgunean. Bestela, hainbat saltoki ipini ditue Lapurdin eta Nafarroa Beherean: Senpereko Larraldea baserrian (Bertsularien Lagunen egoitzan), Baionako Elkar dendan, Hazparneko Xuriatean, Donibane Garaziko Irulegi Irratian, Pausuko Xaia ostatuan eta Itsasuko herriko etxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!