'Lehoiaren atzaparretan galduta' aurkeztu dau Iñaki Zubeldiak
2021-11-09 08:25 KultureaArrikruzko lehoiaren 55. urteurrenean.
Arrikrutz-Oñatiko Kobak proiektuak 2007ko bagilaren 7an zabaldu zituan ateak, 15 kilometroko kobazulo sarean 500 metro bisitetako, Arrikrutz, Arantzazu eta Araotz auzoen artean kokatutako kobazuloa, sano erraldoia, Gesaltza-Arrikrutz-Gesarribe koba multzoa osotuz.
Baina Arrikrutzen ez da neurria ezaugarri garrantzitsu bakarra, Gipuzkoako luzeena eta Euskal Herriko luzeenetakoa izan arren. Paleontologia aldetik gune aberatsa da, Euskal Herrian bizitako faunearen adierazle.
Arrikrutzen, danetariko hazurdurak topau ditue, besteak beste, errinozero uletsuarena (Coelodonta antiquitatis), leize-hienarena (Crocuta crocuta spelaea) eta orein erraldoiaren (Megaloceros giganteus) aztarnak eta leize-hartzen (Ursus spelaeus) hazur ugari. Baina Arrikrutzen ezagunena bertako leize-lehoia da,
hazurdura osoa topau baitzan bertan. Aitatzekoa da iberiar peninsulan holako aurkikuntza bakarra izan zala, oraintsura arte eta Europan hirugarrena. 2017an, La Garma-ko kobazuloan, Omoñoko udalerrian (Kantabria) beste aurkikuntza askoren artean leize-lehoi heldu baten hazurdura osoa topau ei eben.
Pleistozenoan (Era Kuaternarioko lehen zatia) Izotz Aroek markautako sasoian (orain 2.000.000 urtetik 11.000ra) bizi izan zan Arrikruzko lehoia. Holozenoan sartukeran, klima aldaketeagaz, animalia espezie asko galdu ziran, tartean leize-lehoia.
Gaur egun lehoiak Afrikako sabanagaz lotzen baditugu be, Eurasian eta Ipar Amerikan be bizi izan ziran Pleistozenoan. Europan, zazpirehun mila urte ditue lehoi-fosil zaharrenek. Lehoi euroasiar horreek, gaur egungoak baino handiagoak, leize-lehoia (Panthera spelaea) espeziekoak ziran eta hainbat ekosistematan bizi izan ziran momentu glaziar zein interglaziarretan. Gure arbasoak felido handi horreekaz bizi izan ziran, hatxulo askotako hormetan marraztu edo grabau zituen eta estatua txiki batzuetan irudikatu. Irudi horreei esker badakigu arrek adatsik ez ebela edota, izatekotan, oso txikia ebela. Zergaitik desagertu ziran ez dakigu, baina azken glaziazinoaren amaierako klima-aldaketak eta giza-kazeak zerikusia izan leikie desagertze horretan.
Arrikruzko lehoi-eskeletoa iberiar peninsulako osoena da. Iñaki Zubeldiak eta Jesus Manuel Marotok topau 1966an eta Jesus Altunak aztertu eban. Hatxuloan hildako lehoi heldu batena da. Kurutzeraino gitxi gorabehera 1-1,2 m-ko altuerea eukala uste da eta 250 kiloko pisua. Handi-handia zan, egungo arren batezbestekoaren gainetik, baina halan da be ez zan handienetako bat, Arrikruzko Larrayotz galerian 330 kiloko lehoi baten izterrazurra topau zalako.
50. urteurrena aurrera joiala, Gordailutik Burgoserako bidaia egin eban Arrikruzko lehoiak eta ikerketa baten ondoren Arrikrutz lehoia erakusketea martxan jarri eben; erakusketearen komisarioa Asier Gómez izan zan, paleontologoa eta giza paleontologian aditua. Ikerbasqueko ikertzailea da UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean; gainera, Atapuercako aztarnategiko ikertzailea da 2002tik, Juan Luis Arsuagagaz batera.
Erakusketea 16 piezaz osotua egoan; erakusketeari izena emoten eutson hatxuloetako lehoiaren hazurduraz gan, fosil originalak, erreplikak eta labar artearen irudiak erakutsi ziran. Gainera, ikus-entzunezko bat be bada, lehoiaren aurkikuntzearen ingurukoa.
Aurkitzailearen kontaketea
Aurkikuntzearen 55. urteurrenean, Oñatiko Udalak Iñaki Zubeldiaren eskutik Lehoiaren atzaparretan galduta liburua argitaratu dau. Liburua benetako jazoera batean oinarrituta dago. Arantzazuko seminarista gazte bik, 1966ko udagoienean, Arrikrutzen leizeetako lehoiaren hazurdura osoa topau eben ezustean eta berehala galdu egin ziran. Lehoiaren mendekua ete? Gau osoa leizeko barrunberik sakonenean pasau eben, Aranzadi gela erraldoian, handik urten ezinik. Sarreratik ia hiru kilometrora dagoz eta inor ez da joaten bila hamabi ordu luzeetan. Goizeko seiretan adar salbatzaile baten doinua entzun eta salbauta egozan. Baina gau osoan haluzinazinoak, estutasun ikaragarria, bertan betiko geratuko ziran bildurra sentidu eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!