Online izango da Udagoieneko Ostera aurten

Bizkaie! 2021-11-09 08:27   Musikea

Bizkaiko hiru leku enblematikotan grabautako kontzertu akustikoak doban entzun ahal izango dira.

Formatu presentziala alboratu eta internet bidezko zabalkundeari helduko deutso Udagoieneko Ostera zirkuitu musikalak aurtengo edizinoan. Euskaltzaleen Topaguneak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako zikloaren barruan Mikel Urdangarin, Xamanak eta Olatz Salvador-ek kontzertu bana grabau ditue, eta zemendiko hurrengo hiru asteburuetan doban ikusi eta entzun ahal izango dira online.

Formatu akustikoan grabautako emonaldiak dira hirurak, eta Bizkaiko leku enblematikoak aukeratu ditue: Mikel Urdangarinek Otxandioko Andikona plazan jo dau; Xamanak taldeak, Barakaldoko Munoa jauregian; eta Olatz Salvadorrek, Saturrarango Pasabidean, Ondarroatik hur.

Asteburu bakotxean kontzertu bat ipiniko dabe online Topagunearen webgunean. Zemendiaren 12tik 14ra, Urdangarinen saioa zabalduko dabe. 19tik 21era, Xamanak eta, azkenik, Salvadorren txandea izango da 26tik 28ra bitarteko astegoienean.

Zikloaren aurkezpenean, Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok nabarmendu dau euskerea dala egitarauko musikarion hizkuntzea: hauxe da giltzarria, musikearen bitartez euskerearen erabilerea sustatzea baita aisialdian be.

Hainbat arrazoi dagoz Udagoieneko Ostera urteroko hitzordu bihurtu izanaren atzean, Bilbaoren arabera: euskeraz kalidadezko kultur emonaldiak eskaintzen ditu, industria kulturala sustatzen dau eta kultur eragileei arnasea eta bizi-indarra emoten deutse.

Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek ganeratu dauenez, memoria historikoa lantzea izango da aurtengo edizinoaren beste helburu nagusietako bat, eta horregaitik aukeratu ditue hiru kokalekuak. 1936ko altxamendu faxisteak gogor jotako hiru leku dira Otxandio, Barakaldo eta Saturraran. 

Leku bakotxeko historiaren eta gerrako pasadizo lazgarrien barri Udagoieneko Ostera webgunean topau leiteke. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu