Julio Sotok Nafarroako Txapelketako finalean kantauko dau

Bizkaie! 2021-11-08 08:43   Bertsolaritzea

Alde handiz irabazi dau Berriozarko finalaurrekoa.

Saioa Alkaiza eta Julio Soto, Berriozarren (argazkia: Nafarroako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu da Berriozarko Entzunaretoan, 200 zaleren aurrean. Oholtzan, Maialen Belarra gai-jartzailea eta sei bertsolari. Epaileen puntuazinoetan, Julio Soto izan da jaun eta jaube.

Txapeldun izatea zer dan badaki Sotok, eta aurten be sasoi betean heldu da Nafarroako Txapelketara, Berriozarko saioan ikusi ahal izan danez. 520,5 puntu batu ditu, Saioa Alkaiza bigarrenak baino berrogei gehiago (480,5). Hirugarren Josu Sanjurjo izan da (474,5).

Berriozarren kantau daben beste hiru bertsolariak Alazne Untxalo (428,5), Mikel Lasarte (422) eta Patxi Castillo (414,5) izan dira. 

Honenbestez, lehenengo finalaurreko biak irabazita, Eneko Lazkoz eta Julio Soto finalean izango dira ziur. Beste finalisten barri hirugarren eta azken finalaurrekoan jakingo dogu. Leitzan izango da, hilaren 14an, eta oholtzan honeek: Eneko Fernandez, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Sarai Robles eta Xabier Silveira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu