Josune Aramendi, Getxotik finalaurrekoetara
2021-11-08 07:53 BertsolaritzeaBizkaiko Txapelketako hurrengo fasean kantauko daben bertsolari guztien izenak badakiguz.
Getxon amaitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketen fasea, eta, beraz, sei saioren ostean, badakigu nortzuk egongo diran finalaurrekoetan. Azken txartela Josune Aramendirentzat izan da, Getxoko kanporaketea irabazi dau eta.
Beste kanporaketakaz konparauta, Getxokoan puntuazinoak bajuagoak izan dira. Horrenbestez, Aramendik hurrengo fasean egoteko eskubidea lortu dau, saioa irabazteagaitik, baina ganerako bost bertsolariak kanpoan geratu dira, saio guztietako puntuazinoen araberako sailkapenean ez diralako onenen artean sartu.
Epaileek 458 puntu emon deutsez Josune Aramendiri, eta bigarren Unai Mendiburu izan da (455). Atzetik geratu dira Eneko Aldana (449,5), Malen Amenabar (446,5), Koldo Muñiz (396,5) eta Enare Muniategi (389).
Hurrengo asteburuan deskantsua egin, eta hilaren 21ean hasiko dira finalaurrekoak, Etxebarriako frontoian. Fase horretan hiru saio jokatuko dira, eta Bilboko finalean kantauko dabe onenek. Egitaraua honako hau da:
- Zemendiak 21, Etxebarria: Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Gorka Pagonabarraga, Imanol Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Paule Ixiar Loizaga.
- Zemendiak 27, Galdakao: Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Oihana Bartra, Josune Aramendi eta Aitor Etxebarriazarraga.
- Abenduak 4, Larrabetzu: Eneko Abasolo, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Txaber Altube, Ander Elortegi eta Julen Arzanegi.
Finalaurrekoetako hiru saiootako sarrerak salgai dagoz Bertso Sarrerak webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!