Alex Sardui: 'Musikeak engantxau egiten zaitu'

Koldo Isusi Zuazo 2021-11-08 08:00   Barriketan

Gatibu taldeko abeslaria.

Miribillako Bilbao Arenatik Barakaldoko Bizkaia Arenara salto egin eta Gatibu taldeak zemendiaren 13an emongo dau, 20:00retan, 20+1 urteurreneko kontzertua, berebizikoa, maitasunez eta pasinoz atondutakoa.

Pandemiaren gorabeherak gorabehera, kontzertua eskaintzeko aretoa aldatu, sarrerak erosi eta kasu batzuetan bueltau beharra... Zorionez, egoerea normaldu edo egin da eta kontzertua egin egingo da eta berezia izatea espero da.

Euskal kulturgintzeak bizi dauen bolada gogorrari aurre egiteko, traba guztien gainetik, ziurbakotasun egoera betean, kosta ala kosta, asko eta libre maite zaituegulako, erabagi dogu horrenbeste landutako kontzertuagaz aurrera egitea. Lantaldeko kide guztiontzako berebiziko kontzertua izango da zemendiaren
13koa, maitasunez atondu eta zuokaz bizi gura duguna.

20+1 urteotan sortu eta zaleen oneretxia jaso daben kantu esanguratsuenak eskainiko ditu taldeak eta ezustekoak be izango ei dira: Ez baitozue gitxiago merezidu, ez baiteutsuegu gitxiago zor.

1.- Girona, Castello, Aia eta Aizirritzetik bueltan, motorrak ondo berotuta azalduko zarie Barakaldon, Bizkaia Arenan...

Benetan, kilometro partidea egin dogu, furgonetea ez bada erre, eskerrak emotea besterik ez dago [Barreka]. Dobletea, egun bakarrean kontzertu bi emotea normaltzat hartzea da gauza bat baina hiru egitea upealakoa da: Zemendiaren 5ean, pare bat kontzertu emon genduzan Desakato taldeak eta geuk Gironako Barraquesen eta Bulego taldeagaz batera Castellóko Fira Trovam; hori gitxi ez eta zemendiaren 6an, hiru kontzertu izan emon genduzan: Lehenengoa Bulego taldeagaz batera Bartzelonako Euskal Herria Sonan, bigarrena Esti eta Mikel Markezegaz Aiako Probalekuan eta hirugarrena, barriz, Aiziritzen.

2.- 20+1 urteurreneko kontzertua, berebizikoa izango da. Errepertorioan sorpresarik egongo da entzulearentzat?

Ez, errepertorioan zaleek ezagutzen dituen kantuak sartu doguz, gure ibilbideko entzunenak eta holakoak baina badakizu zuzenekoetan beti izaten dira ezustekoak, kantu ezagun batzuk egokitu egin doguz, larregi joten ez doguzan kantuak be entzungo ditue zaleek eta kantuotan be sorpresaren bat egon daiteke. Gitxi gorabehera pare bat ordukoa edo izango da kontzertua.

3.- Ezustekoak be iragarri dozuez. Zeozertxu aurreratu zeinke?

Ez. zizki-mizkietan sartzen bagara, ezustekoak hankaz gora joango litzatekez eta sarrera gehiago saltzeko edo ez gara olgetan hasiko. Sorpresak gura dituana joan daitela Barakaldora eta han ikusiko ditu gauzak goian eta behean.

4.- Kontzertua Bilboko Miribillatik Barakaldoko Bizkaia Arenara aldatzea eragin eban pandemiak, aforoa eta osasun neurriak tarteko dirala. Zenbat jente sartuko da Barakaldon?

Lekua 14, 15 mila lagunentzako dago Bizkaia Arenan baina 8.500 inguru sartzea espero dogu. Oraindino badagoz sarrerak baina azken txanpan zaleak estutu egiten dira eta azken orduko gorabeherak eta negarrik gura ez dauenak egin daiala klik hemen. Pistan sartzeko sarrerak agortuta dagoz, baita lehenengo eta hirugarren pisuetakoak be, B eta C harmailetan sartzeko batzuk eta 4 pisuan sartzekoak badagoz.

5.- Bilbao Exhibition Centreko kontzerturako sarrera gehiago jarri zenduezan salgai irailean. Zegan dagoz?

Bai, saltsea, badakizu pandemiak inori be ez deutso mesederik egin eta hara eta hona ibiltea ez da ona zalearentzat baina zorionez konpondu ziran gauzak eta gu prest eta gogotsu gagoz eguna noiz helduko zain.

Ganerakoan, agortuta dagozan pistako sarrerak 23 euroan saldu ziran eta ganerakoak, barriz, 20 euroan dagoz. Ez izan dudarik, ikuskizuna ez dozue erraz ahaztuko, aspaldiko kontzertu handi horreetakoa izango da, milazak lagun hartuko dituana.

6.- Gatibu taldeak zelan egin deutso aurre pandemiak eragindako triskantzeari?

Baragarri ibili gara. Enpreseari eustea izan da asmoa baina dana egon da geldi, kontzerturik ezin zan egin eta zelan edo halan, akustikoak eta egin izan doguz. Eskerrak horri hemen gagoz kontzertu handietan zaleei gura maitasuna emoteko prest.

Zorionez, mobimentua dago eta ona da hori bai zaleentzat, baita sortzaileontzat be. Igaz saltoki bako Durangoko Azokea izan genduan eta aurten aurrez aurrekoa eta birtuala atondu dabe; Durangora begira gagoz, hartu-emonetarako leku ezin hobea dalako, eredu euskal kulturan.

7.- Egunotan jakin dogu Zea Mayseko Aiora Renteriaren bizienarena...

Zurtz eginda gagoz. Musikeak minak arintzen deustaz esaten dau bilbotarrak, artista, abeslari eta lagun handia da eta onena opa deutsagu.

8.- Gazteak akordauko ez diran arren, 1994. urtean, Sorotan Bele taldearen sortzaile Mikel Errazkinek taldeari agur esan behar izan eutson tronbosi baten ondorioz mobiduteko eta berba egiteko arazoak izan ondoren. 2008an hil zan, 34 urtegaz...

Bai, gogoan daukat. Ekina zan, musikari handia, sortzailea. Musikeak engantxau egiten zaitu eta beharrak emondakoa ez deutsu kentzen gaixotasun batek. Gizajoa, ezinean ebilen baina diskoa grabetan lan handia egin eban, diskoa amaitu behar dot, diskoa amaitu behar dot esaten eban.

9.- Talde beteranoa da Gatibu, 20 bat urte martxan, 9 disko eta makinatxu bat esperientzia. Gatibu pozik dabil, aurrera egiteko gogoz?

Duda barik. Orain artekoak eginda dagoz baina aurrera begitu behar da, gu pozik gabiz eta zaleak be bai, besterik ez dogu behar.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu