Ander Sagastiberri bilbotarraren pinturak Bilbon
2021-11-05 13:12 KultureaErakusketea zemendiaren 26ra arte egongo da zabalik.
BilbaoArte Fundazinoak 2020an bekadun izandako Ander Sagastiberri artistearen I do have some objeto volador no identificados do you? erakusketea aurkeztu dau Urazurrutia Aretoan. Artista bilbotarrak formatu txikiko orio-pinturen 20 inguruko bilduma bat eta formatu handiko bat erakutsi ditu, danak aurten eginak. Erakusketea astelehenetik barikura bisitau daiteke, 17:30etik 20:30era, zemendiaren 26ra arte, doban.
Pieza gehienak formatu txikikoak badira be, Sagastiberrik ez ditu neurriagaitik nabarmendu gura. Helburua pieza bakotxari beharrezko espazioa emotea izan da. Emoitzea minimalistea da eta formatu handiko lan bakarra dakar. Pieza hau, jatorrian obra txikia izan arren, artisteak gehien erreproduzidutakoa da.
Ezagutzen dauenaren eta hartzen dituan erreferentzia barrien arteko bultzadei jarraituz lan egiten dau; Anderren ustez, bere margolanak osotzen dituen parametro guztien artikulazinoak dira, zati bakotxa banatu barik. Pintureari heltzeko, inprobisazino-saioak egiten ditu, aldi berean emoten diran koloreak eta formak batuz. Batzuetan konposizinoak koloreaniztunak eta harmonia gitxikoak izan daitekez.
Ander Sagastiberrik materialaren eta espazioaren arteko alkar jote lez deskribiduten dau erakusketea. Artistearentzat, pieza bakotxaren presentzia eta erakusketa-esangura bisuala lehenestea interesgarriagoa da, berbetan azaltzea baino. Erakusketea atontzeko ariketa hau ohikoa da bere praktikan eta zuzenean lotzen da pintureari aurre egiteko dauen moduagaz.
Erakusketa bakotxean bezela, Ander Sagastiberrik proposamena bere azken lanakaz lantzen saiatzen da, erakusketea egiten dan momentuan hurren dagozanakaz. Haren azken inspirazino-iturrien artean Thierry Mugler diseinatzaile frantziarraren forma estralurtarrak dagoz edo Nevadako (AEB) iparraldeko arbolatan euskal artzain migratzaileek XX. mendearen hasieran grabautako irudiak dagoz, beste erreferentzia batzuen artean.
I do have some objeto volador no identificados do you?
Anderrek oraintsu bere pinturetarako izenburuak bilatzeko egin eban ariketa batean dau jatorria erakusketearen izenburuak. Bitxia bada be, ez da umore-sena dauen lehen izenburua.
Hau da Bilboko Udalaren arte garaikideko produkzino zentroan erakusteko 2020an aukeratutako zazpi erakusketetatik azkena. Horren ondoren, BilbaoArtek Ate Edegien urteroko erakusketeagaz zarratuko dau urtea, abenduaren 9tik 17ra bitartean.
Ander Sagastiberri (Bilbo, 1988)
Bilbon bizi eta lan egiten du. 2013an, Artean graduau zan UPV/EHUn eta, 2015ean, pinturan master bat be amaitu eban. 2016an, Bizkaiko Foru Aldundiaren Sormen Artistikoaren Bekea jaso eban eta 2017an, Rekalde Aretoak hautatu eban Barriek 2018 programan. Sagastiberriren bakarkako azken erakusketak ondokoak dira: El sol, inclemente, Petra (2019); Una cara hablando a un gusano, Rekalde Aretoa, Bilbo (2018): Hletre Sketrle, ANTI Liburudenda (2017); Las Fiebres del Madrás, g8360 (2017); eta Octop Canseller Metature, Cosmos (2016). Erakusketa kolektiboetan be parte hartu dau: Lo oculto, Okela Sormen Lantegia (2021); Begoña, Aire (2021); ¿Qué carta del Tarot eres?, Taca galeria (2019); Allegoria total, Harriak programea (2018); eta Estrella Pistola, Geroarte Gallery (2017).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!