Gonzalo Chillidaren pinturak Parisen erakutsiko ditue

Bizkaie! 2021-11-05 08:29   Kulturea

Besteak beste, Bilboko Arte Eder Museoa eta Etxepare dabiz erakusketea atontzen.

Gonzalo Chillida (1926-2008), estudioan beharrean (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martitzenean, zemendiak 9, Gonzalo Chillida izeneko erakusketea zabalduko dabe Parisen, Cervantes Institutuaren egoitzan, artista donostiarraren obrearen errepaso zabala. Abstrakzino lirikoaren ordezkari nagusietako bat izan zan eta naturea zan berarentzat inspirazinorako iturri nagusia. 

Cervantes Institutuagaz batera, Acción Cultural Española, Bilboko Arte Eder Museoa eta Etxepare Euskal Institutua dira erakusketearen bultzatzaile eta antolatzaileak. Alicia Chillidak aukeratu ditu Parisera eroandako obrak, artistearen alabea izateaz gan, arte-historialaria eta komisaioa be badalako. 

Cervantes Institutuaren egoitzara doazan zaleek Chillidaren 34 pintura, 10 litografia eta 180 bat argazki eta fotocollage ikusi ahal izango ditue. Familiarenak dira pieza batzuk, eta bilduma partikular zein publkoetatik eskuratu ditue ganerakoak. Gonzalo Chillidaren ibilbidearen sasoi gehienak kontuan izan ditue, 1950etik 2007ra. 

Ganera, Alicia Chillidak eta Benito Maciasek zuzendutako La idea del norte film dokumentala proiektauko dabe aretoan. 40 minutuko ikus-entzunezko horretan, Gonzalo Chillidaren sormen-prozesuak sakontasunez aztertzen dira, eta inguruko paisajea -zerua, itsasoa, basoak...- behatzeko eukan gaitasuna nabarmentzen da. 

Erakusketearen lagungarri plazaratu dan argitalpenenan, Jose Angel Irigaray eta Gabriel Celaya idazleen idazkiak batu ditue, baita Antonio Saura margolariarenak eta Francisco Calvo Serraller historialariarenak be. Alicia Chillidaren aurkezpena eta Miguel Zugazaren epilogoa be badakarz liburuak. Euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta japonieraz dago.

Gonzalo Chillida erakusketea Parisen ikusi ahal izango da 2022ko zezeilaren 28ra arte. Ondoren, Cervantes Institutuaren Erromako eta Tokioko egoitzetara eroango dabe. Bidea Bilbon amaituko dau, Arte Eder Museoan, 2023an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu