Klima aldaketearen ondorioak, Bilboko metroan ikusgai

Bizkaie! 2021-11-04 09:25   Kulturea

Fernando Moleresen argazkiak ipini ditue Zazpikaleak geltokian.

Susana Palomino eta Alfonso Gil, Fernando Moleresen azalpenak entzuten (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduak hurrengo urteetan izango dauen erronkarik handiena izan leiteke klima aldaketea eta honen ondorioak, eta gizartean gaiaren inguruko kontzientziazinoa zabaltzeko ahaleginagaz bat egin dau Metro Bilbaok. Urtzearen aztarnak izenburupean, Fernando Moleres argazkilariak egindako erretratuen formatu handiko panelak ipini ditue Zazpikaleak geltokiko hormetan.

Autoreagaz batera, Bilboko Udaleko zinegotzi Alfonso Gil eta Metro Bilbaoko komunikazino buru Susana Palomino egon dira erakusketearen aurkezpenean. Egunotan Glasgown (Eskozia) egiten dabizan Klimearen Goi Bilereagaz bat datorren ekimena da hau, mundu osoko agintariak eta adituak batu diralako han, klima aldaketearen eta berotze globalaren arazoei urtenbideak topau eta konpromisoak hartu guran.

Erakusketea antolatu daben erakunde biek, Bilboko Udalak eta Metro Bilbaok, ingurumearen alde egiten dabizan lana gogora ekarteko be aprobetxau dabe aurkezpena. Gil zinegotziaren arabera, urian azkenaldion martxan jarri diran politikek ingurumena errespetetan dabe. Palominok, bestetik, azaldu dau Bilboko metroak % 98 gitxitu dauela atmosferara botatako CO2a, 2019tik hona.

Fernando Moleresen argazkiak paisajeen seriea edo segidea dira, antxina-antxinako izotzezko ikuspegiakaz hasten dan kontakizun narratiboa. Berotze globalaren ondorioz, arriskuan dagoz horreek eremuak gaur egun. Ganera, poloak berotzen badira, ozeanoetako korronteak aldatu leitekez, eta mundu osoko klimea zuzentzen daben prozesuei eragingo deutso horrek. 

Hortaz, Moleresen argazkiek mezu garbia zabalduko dabe metroko erabiltzaileen artean: klima aldaketea geratu edo arintzeko, beharrezkoa da mentalidadea egokitzea, eta energia sortzeko, konsumiduteko eta banatzeko moduak zeharo aldatzea. 

Fernando Moleres (Bilbo, 1963) argazkilaritza dokumentalean ibilten da gehienbat, mundu osoko jazoera, arazo eta paisajeak erretratuetan batzen. Giza eskubideen inguruan ibili da lanean 25 urte baino gehiagoan, besteak beste, umeen beharginen gaiaren inguruan. Gizakiak ingurumenean itxitako aztarnea be jorratzen dau sarri. Sari ugari emon deutsez, adibidez, World Press Photo. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu