Bonifacio Echegarayren inguruko hiru liburu plazan

Bizkaie! 2021-11-04 08:33   Euskerea berbagai

Legelaria, idazlea eta euskaltzain osoa izan zan.

Bilbon aurkeztu ditue hiru liburuak (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zuzenbidearen Euskal Akademiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hiru liburu aurkeztu ditue Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako ekitaldian. Hirurak dira Bonifacio Echegarayren ingurukoak, baina bakotxak legelari, idazle eta euskaltzainaren ibilbidearen alderdi bat agertzen dau.

1878an jaio zan Bonifacio Echegaray Corta, eta zuzenbidearen arloan ez eze, ekarpen zabala egin eban XIX. mendearen amaierako eta XX.aren lehen erdiko euskalgintzan, kulturgintzan eta herrigintzan. Besteak beste, euskaltzain osoa eta Eusko Ikaskuntzako kidea izan zan. 1956an hil zan.

Hiru obren aurkezpenean izan dira Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako lehendakaria, eta Seve Calleja eta Lázaro Echegaray liburuen prestatzaileak.

Lehenengo liburuak, Bonifacio Echegaray. Poemak eta ipuinak dalakoak, Echegarayren idazlanak batzen ditu, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasikeran aldizkarietan argitaratutako euskerazko poemak eta gaztelaniazko kontakizunak. Lazaro Echegarayren berbaurrea eta Andres Urrutiaren epilogoa dakarz.

Bigarren liburuari En busca de Vasconia. Vida de Bonifacio Echegaray (1878-1956) izenburua emon deutse. Lazaro Echegarayk idatzitako obrea Bonifacio Echegarayren bizitzearen biografiarik osotuena da, eta haren ibilbide profesionaleko mugarriak zehatz azaltzen ditu: Auzitegi Goreneko Salako idazkaria, Euskal Herriko hainbat alkartetako kide eta 1936-37ko Eusko Jaurlaritzako goi kargudun izan zan.

Azkenik, Bonifacio Echegaray Corta. Estudios de Derecho Privado Vasco (1919-1951) izeneko hirugarren liburua Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bildumearen barruan argitaratu dau Zuzenbidearen Euskal Akademiak. Euskal Zuzenbide Zibilean Echegarayk egindako ekarpena jorratzen ditu, baita euskerearen erabilerea arlo juridikoan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu