Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 322 miloe euroko aurrekontua atondu dau
2021-11-03 12:56 KultureaHamar eurotik bat inbersinoetarako izango da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2022ko aurrekontuen barri emon dau Eusko Legebiltzar-ean. Bingen Zupiria sailburuak emon ditu azalpenak, saileko ganerako arduradunek lagunduta. 322,4 miloe euroko aurrekontua aurkeztu dabe datorren urterako, aurten baino % 11,6 gehiago.
Era honetan banatuko da diru hori: Kultura sailburuordetzarako 70,6 miloe; Hizkuntza Politikako sailburuordetzarako, 69,4 miloe; Etxepare Instituturako, 3,4 miloe; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzarako 12,2 miloe; eta EITBrako, 161,5 miloe.
Aurrekontuko hamar eurotik bat pasautxu izango da inbersinoetarako. Kultureak, euskereak, jarduera fisikoak eta EiTBk Euskadiren susperraldi garai barrian eragile aktibo izateko potentziala dabe, adierazo dau Bingen Zupiriak Legebiltzarrean. Pandemia osteko Euskadik kultura indartsua behar dau, euskera bizibarritua behar dau, jarduera fisiko eta kirol ohitura onak behar ditu. Hori jomugan jarrita osotu doguz hurrengo urteko aurrekontuak.
Inbersinoen artean dagoz azpiegitura kultural barriak sortzeko aurreikuspenak zein gaur egungoetan proiektu barriak martxan jartekoak, kirolagaz lotutako programak indartzeaz ganera. Besteak beste, Orconera industria ondarearen zentroa, Albaola, Sestaoko Labe Garaiak, Iruña-Veleiako aztarnategia, Zallako Artisten Gunea eta Errenteriako Artisten Barrutia dagoz inbersinoen hartzaileen artean.
Sormena helburu
Sorkuntzea bultzatu eta euskal sortzaileen jarduerea bermatzea izango dira Kultura sailburuordetzearen lehentasunak. Atal horretako aurrekontuaren % 30 izango da, hain zuzen be, sorkuntzea sustatzeko programetara.
2022a urte garrantzitsua eta itxaropentsua izango da kultur politikei jagokenean. Covid19aren pandemia hasi zanetik gure politikak neurri handi batean pandemiaren kalteak arintzera eta sektore guztiei laguntzera bideratu doguz, aurrekontuak eta programak momentuko premietara egokituta, azaldu dau Zupiriak.
Euskerea eta kirola
Hizkuntza Politikearen arloan, lau ardatz nagusi zehaztu ditue: euskerearen ezagutzea handitzea; euskerearen erabilerea zabaltzea; hizkuntza eskubideak bermatzea; eta Euskal Herriko erakunde guztien arteko alkarlana indartzea. Proiektu zehatzagoen artean aitatu leitekez Eremu Sozioekonomikoan Euskerearen Erabilerea Sustatzeko Plana, kirolean euskerea bultzatzeko egitasmoa, Euskaraldia eta Inkesta Soziolinguistikoa.
Ganera, sailburuordetza horren barruan, HABErentzat izango da aurrekontuaren erdia baino gehiago, 46,5 miloe euro. Euskaltegi pribaduen finantziazino barria jarriko da martxan eta euskerea ikastea doban izateko diru gehiago egongo da.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzeari jagokonez, ziklo olinpiko barria hasiko dala kontuan hartzen dau 2022ko aurrekontuak. Ganera, herri kirolak eta pelotea bultzatzeko laguntzino bereziak aurreikusi ditue, baita 2023ko Tourreko etapei lotutako gastuak be (Bilbon hasiko da Frantziako Tourra urte horretan).
Azkenik, EITBk 40 urte beteko dituala be gogora ekarri dau Bingen Zupiriak Legebiltzarrean. Miramongo egoitzea barriztau eta Bilbokoan erreformak eta konponketak egitea aurreikusi dabe. Ganera, Primeran, euskal edukien plataformea, inbersinoen atalean dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!