Joserra Onandia, 2021eko Euskera saria
2021-11-03 09:46 Euskerea berbagaiNiri gustetan jat euskerea ikasi, bizi eta gozetea.
Joserra Onandia getxotarrak jasoko dau datorren zemendiaren 17an, eguaztenean, Argia Ereiten Euskera Saria, euskerea ikasteko eta euskeraz biziteko dauen jarrera nekaezina autortzeko, erretiroa hartu ondoren hainbat euskaltegietatik pasau eta erabilerea sustatzeko udalerriko euskera eragileek eta alkarteek martxan jarritako ekimen ugaritan dabilelako, baita kanpoan be, Mintzanet programan esaterako. Getxoko Udalak atondutako Sariaren XII. edizinoaren Galea Muxikebarrin egingo da, oso hunkituta eta pozik dagoan 76 urteko getxotar hau euskerearen alde eten barik egiten dabilen lana goraipatzeko eta herriaren esker ona jasoteko.
Pozarren dago Joserra Onandia getxotarra 2021eko Argia Ereiten Euskera Saria irabazi ondoren eta ondokoa autortu izan dau: Getxoko sari garrantzitsuena da niretzat. Galan askotan izan naz eta orain seguru hunkitu egingo nazela.
Onandiak bizitzan zehar euskerea ikasteko eginhalak egin ditu, gainditu beharreko irakasgaia izan dauelako beti eta horregaitik, orain 13 urte kontratista (Construcciones Onandia) lanaren erretiroa hartu ebanean, serio hartu eban bere lehenengo zaletasuna dalako. AEK, Jose Antonio Agirre ta Lekube eta udal euskaltegietan ibili da eta baita Labayrun be, azken horretan bizkaierea ikasteko. Barnetegietan be izan da eta horregaitik dino argi daukat euskerea ikasteko euskaltegia dala leku aproposa. Orain berba egiten ikasteko praktikak egin gura dodaz jubilatuok ez dogulako titulurik behar. Niri gustetan jat euskerea ikastea, euskeraz bizitea eta euskereagaz gozetea.
Getxotarraren emaztea eta lau seme-alabak euskaldunak dira eta horregaitik laguntzea dira nahiz eta irribarrez autortu emazteak batzuetan esaten deutsola liburuetakoa baino hobea darabilela. Seme-alabak irakasle izan ditu beti eta zortzi lobakaz komuniketako euskeraz egiten dau.
Horrezaz gan, gaur egun hainbat ekitalditan (Egizu, Bizarra Lepoan, ALBE...) hartzen dau parte, oso lagungarritzat joten ditualako, izan be, Onandiaren eretxiz, B1 mailea lortu ondoren, berba egin ahal izateko oso garrantzitsua da bestelako ekitaldi batzuetan parte hartzea. Orain Berbalagunen hiru taldetan parte hartzen dau baita txangoetan, Literaturearen Txokoan, IdaZaleen Txokoan eta bestelakoetan be. Bidebitarte txokoko bazkidea eta kozinerua da eta han EGIZUren tailerrak, euskeraz berba egiten ikasteko bazkariak, ALBEren ospakizunak.... Itxarkantu taldekoak be batzen dira bertan eta beti esaten deutse edadekoentzako oso inportantea dala euskaltegian hastea.
Horreekaz batera, Joserra Onandia Mintzanet proiektuan ia hasieratik, orain 10 bat urtetik, dago, euskeraz egiteko beste aukera bat dalako; urte honeetan guztietan, munduko txoko askotako 15 bat personagaz online berba egiteko aukerea izan dau; berbarako, orain bost urte hasi zan Floridan bizi dan Pedro Mari Sardui zesta-puntako pelotarigaz bizkaieraz egiten dau berba eta astero lau personagaz ordubetez berba egiten dau. Beraz, teknologia barriek be laguntzen deutse euskeraz egiteko eta horren adibidea da orain lagun batzuekaz programa bat egin dauela, laguntza moduan, euskerearen gramatikeagaz eta dudei buruzko informazinoagaz eta Skyperen bidez erabilten dabe. Eskura dituan baliabide guztiak erabilten ditu Joserra Onandiak euskerea hobetzeko: Niretzat euskeraz berba egitea eta bizitea oso garrantzitsua da, Euskal Herrian dogun altxor nagusiena dalako euskerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!