Transmisinoa, euskerea eta emakumeak ardatz 2021eko Sormenen

Bizkaie! 2021-11-03 09:22   Kulturea

Zemendiaren 16tik 21era egingo dabe festibala, Galdakaon.

2021eko Sormene aurkezteko ekitaldia (argazkia: Galdakaoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sorkuntzen plazea bihurtuko da Galdakao zemendiaren 16tik 21era, Sormene jaialdiari esker. Sorkuntza kalidadezko, askotariko eta Euskal Herrira begirakoa agindu dabe antolatzaileek, Galdakaotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Galdakaora. Aurtengo edizinoaren ardatzak transmisinoa, euskerea eta emakumeak izango dira.

Pandemia tarteko, ibilbide gorabeheratsua egokitu jako Sormeneri, baina badoa aurrera, hasikerako helburuei eutsita: sormena oinarri, euskerazko kulturearen etorkizuna sendotzea, sortzaileak babestea eta euskal kulturea konsumiduko dabenen komunidadea jostea.

Kokaleku nagusi bi izango ditu 2021eko Sormenek: martitzenetik eguenera bitartean, Torrezabal kultur etxean; barikutik domekara, Ardantza parkean ipiniko daben karpan. Sartzea doban izango da, eta eskaintzea, danetarikoa: musikea, antzerkia, ikus-entzunezkoak, berbaldiak, komikiak...

Galdakaora joango diran artisten artean, aitatzekoak dira Amak, Diabolo Kiwi eta Kamikaz Kolektiboa, beste askoren artean. Domekan, hilak 21, jantzea, musikea eta bertsoa buztartuko ditue emonaldi jentetsu baten: Igor Elortza, Erika Lagoma eta Josu Zabala egongo dira oholtzan, Euskal Herri osoko jantza talde ugarigaz batera. 

Etorkizuneko publikoa gogoan, Galdakaoko ikastetxeetara saio bereziak eroango ditu Sormenek. Goizez, antzerki, jantza, musika eta ilustrazino tailerrak izango ditue LH, DBH eta Batxilergoko gazteek, alor bakotxeko profesionalen gidaritzapean. Formol antzerki laborategia, Dantzaz konpainia, Ines Osinaga musikaria eta Eider Eibar marrazkilaria. 

Egitarau osoa hemen.

Gotzon Barandiaran jaialdiko zuzendari artistikoak transmisinoan ipini dau arretea: Transmisinoan azken urteetan agertu dan gabeziari urtenbidea emoteko nahia dogu

Galdakaoko Udalaren izenean, Edurne Espilla zinegotziak adierazo dau euskerazko kulturzaleak sortu nahi dituela herrian, sortzaile bihurtuko diran zaleak, antolatzaile, bitartekari, kazetari edo hezitzaile bihurtuko diranak. Sormenerako Talde Eragile Aholkularia martxan ipiniko dau Udalak, Espillak aurreratu dauenez.

Iñigo Hernando alkateak Sormeneren eskaintzeaz gozetako deia egin dau. Galdakaoko Udalarentzat Sormene egitasmo estrategikoa da, arnasa luzekoa, Euskal Herrian euskerazko kulturgintzea bizibarritzen dabizan askoren ahaleginagaz bat egin nahi dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu