Joseba Sarrionaindia, Peru Magdalena, Mikel Valverde eta Irrimarra buztartuta

Bizkaie! 2021-11-03 08:36   Kulturea

Sortzaileak Kuku! emozino bildumara batu dira.



Ikaselkar
hezkuntza argitaletxeak Kuku! emozino bildumako azken album ilustratu biak argitaratu barri ditu, tristurea eta enpagua ala nazkea ardatz hartuta. Holna, oinarrizko sei emozinoak lantzeko (hasarrea, sorpresea, poza, bildurra, tristurea eta enpagua) ipuin bana topauko dabe irakurleek bilduma honetan, emozinoak lantzeko beste horrenbeste mural eta olgetakaz batera.

Tristureari buruz idatzi dau Joseba Sarrionandiak eta Irrimarra ilustratzaile taldeak berbak eta irudiak josi ditu, marrazkiak orriz orri liburuan txertatuz. Peru Magdalena idazleak eta Mikel Valverde ilustratzaileak, barriz, nazkearen inguruko ipuina sortu dabe, Nazkatasuna.

Kuku! bildumearen barruan, urte bitik gorako umeakaz oinarrizko emozinoak lantzeko baliabide multzoa eskaintzen dau Ikaselkarrek, besteak beste, album ilustratuak, muralak eta olgetak. Sentiduten dituen emozinoak ezagutzen, horreei izena jarten eta erreguletan ikasiko dabe umeek. Pedagogian aditu diran profesionalek proponidutako edukietatik abiatuta sortu dira elementu horreek guztiak.

Liburu ilustratu bi horreekaz batera, bilduman dagoz Agurtzane Ortiz eta Enrique Morenteren Sorpresa!; Iñigo Astiz eta Leire Salaberriaren Haserrea; Karmele Jaio eta Mikel Casalen Putz egin eta ikusiko duzu; eta Maite Mutuberriaren Irrimola.

Album ilustratuek eta bildumako gainerako elementuek, QR kodea dabe eta, horren bitartez, gurasoek informazino osogarria eskuratuko dabe elementu horren inguruan, bertan lantzen dan emozinoari buruzko argibideak eta erabilerearen inguruko jarraibideak, hain zuzen be.

Tristura

Joseba Sarrionandia – Irrimarra

Joseba Sarrionandiak eta Irrimarrak alkarregaz sortutako album ilustratuak tristurea dau oinarri. Ondoez barea eta iraunkorra da tristurea. Baina badago bateren bat hemen lagunari bizipozaz eta alaitasunaz berba
egiteko.

Joseba Sarrionandia Uribelarrea (Iurreta, 1958) euskal letren izen nabarmenetakoa da. Hainbat liburu idatzi ditu. 2011an euskerazko saiakerearen Euskadi Literatura Saria jaso eban Moroak gara behelaino artean? liburuagaitik.

Irrimarra bikote sortzailea dira Irene Irureta (Zumaia, 1989) eta Karmele Gorroño (Galdakao, 1987). Biak Arte Ederretan lizentziatuak dira eta bertan hasi ziran alkarlanean 2016. urtean Irrimarra sortu eben arte.

Nazkatasuna

Peru Magdalena – Mikel Valverde

Peru Magdalenak eta Mikel Valverdek alkarregazkin sortu daben album ilustratuan makinatxu bat galdera egiten jakuz: Zer da nazkea? Noiz sentiduten dogu? Danok sentiduten dogu bardin?

Peru Magdalena Arriaga (Durango, 1980). Idazlea eta margolaria; sortzaile polifazetikoa. Poesia liburuak eta umeentzako literaturea idatzi dau batez be. 2005ean, akzesita irabazi eban Igartza Sarian, Lile izeneko eleberriaren proiektuagaitik.

Mikel Valverde Tejedor (Gasteiz, 1966) Arte Ederretan lizentziatua da. 1995ean hasi zan ume eta gazte Literaturan ilustratzaile, besteak beste, Bernardo Atxagagaz eta Juan Kruz Igerabidegaz ibili da alkarlanean. 2017an, Euskadi Saria irabazi eban ilustrazinoaren atalean.

Ikaselkar

Euskal curriculumaren garapena dago Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen sorrerearen oinarrian. Baina sorburuaz harago, hezkuntzeari lotutako eskaintza integrala egiteko bokazinoa dauka Ikaselkarrek, beti be gizarte zabalari eskaintza barritzailea eginez. 2011an egin eben bat Elkar argitaletxeak eta Ikastolen Alkarteak Ikaselkar hezkuntza argitaletxea sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu