Alfontso Mujika, euskaltzain oso izateko hautagai
2021-11-03 08:18 Euskerea berbagaiEmeritu izatera pasau dan Ibon Sarasolaren lekua hartuko dau, Osoko Bilkureak onartzen badau.
Pasa dan astean Gasteizko Etxezarra egoitza barrian egindako Osoko Bilkuran aurkeztu eben Alfontso Mujika injineru eta hizkuntzalariaren hautagaitzea, euskaltzain oso izateko. Ibon Sarasolaren lekua beteteko proponidu daben izen bakarra da Mujikarena.
Garagarrilean pasau zan Ibon Sarasola euskaltzain oso izatetik euskaltzain emeritu izatera, edadeagaitik. Euskaltzaindiaren araudiaren arabera, ordezkoa izateko hautagaiak aurkezteko epea zabalik egon da, eta, orain, Osoko Bilkureari jagoko Alfontso Mujikari oneretxia emotea. Zemendiaren 26ko batzarrean egingo dabe botazinoa. Euskaltzain oso eta emerituen baiezko botoa eskuratu ezkero, Alfontso Mujika euskaltzain oso bihurtuko da.
Inkinerutza Tekniko Industriala ikasi eban Alfontso Mujika Etxeberriak (Donostia, 1959), baina hizkuntzeari lotutako zereginetan ibili da gehienbat. AEK-ko irakasle, UEUko kudeatzaile eta ETBko Teknopolis saioko erredaktore eta zuzendari izan zan. Elhuyarren, hiztegi eta entziklopediak egiten parte hartu eban.
Euskaltzaindian bertan be, ekarpen ugari egindakoa da Mujika. Exonomastika Batzordeko kidea da 2002tik, eta Onomastika Batzordeko idazkari 2017tik. Euskara batuaren eskuliburua proiektuaren aholkulari izan zan. Euskaltzain urgazle izentau eben 2006an.
Xabier Kintana, emeritu
Urriaren 13an 75 urte bete zituan Xabier Kintana euskaltzain osoak eta, beraz, euskaltzain emeritu izatera pasauko da. Horrenbestez, haren lekua beteteko hautagaien bila hasi da Akademia.
Arauen arabera, hurrengo Osoko Bilkura bietan aurkeztu ahal izango dira Kintanaren ordez euskaltzain oso bihurtzeko hautagaiak. Zezeileko batzarrean aukeratuko dabe aurkeztutakoen artean. Gitxienez hiru euskaltzain osoren babesa izan beharko dau hautagai bakotxak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!