Kanarietatik Siberiara, bireari ekingo deutso Gorka Hermosak

Bizkaie! 2021-11-02 13:20   Musikea

Pandemia atzean itxita, nazinoarteko zirkuitura bueltauko da konpositore eta akordeoilaria.

Gorka Hermosa (argazkia: Pepe Lamarca) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gorka Hermosa konpositore eta akordeoilari gipuzkoarra ez da geldirik egon pandemia sasoian: proiektu barriak lantzen eta etxe inguruan kontzertuak joten ibili da. Baina, osasun egoereak hobera egin dauela ikusita, nazinoarteko agendeari barriro heltzeko ordua heldu jako. Herrialde ugaritara joango da hurrengo asteetan, baina Euskal Herriko hitzorduak ahaztu barik.

Beharbada, Hermosak bira honetan bisitauko dauen lekurik exotikoena Novosibirsk uri errusiarra da, Siberian. Abenduaren 14an joko dau kontzertua han, Novosibirskeko Orkestra Sinfonikoko harizko bakarlarien laukoteagaz batera.

Hori baino lehen, zemendian, hitzordu ugari izango ditu Gorka Hermosak: Kanarietan, Las Palmas uriko Goi Mailako Konserbatorioan joko dau zapatuan, hilak 6, Malandro Club hirukoteagaz; Normandian, Marommeko Konserbatorioan egingo dau emonaldia; eta Txekiako Ostravan dau zemendiko hirugarren saioa.  

Ganera, Natalia Erice aktorea lagun, Covid-19aren inguruko antzezlana estreinauko dau Sevillan, Arte Eszenikoen Nazinoarteko Jaialdian.

Etxetik hurrago, Bilboko Euskalduna Jauregian (abenduaren 22an) eta Santanderko Erakusketa Jauregian bere konposizinoak bakarlari lez interpretauko ditu Gorka Hermosak, uri bakotxeko orkestra sinfonikoek lagunduta. 

2022a hasi barri, urtarrilaren 6an, barriro Bilbon izango da, Arriaga Antzokian. Hantxe hartuko dau parte Jon Maiaren disko-liburu barria aurkezteko kontzertuan, euskal kulturako beste sortzaile askogaz batera: Asier Etxeandia, Gari, Pirritx eta Porrotx, Xabier Amuriza... Danek lagundu deutse Maiari proiektu horretan, baita Hermosak be. Bilbon ez eze, Donostian, Gasteizen eta Iruñean be egingo dabe emonaldia abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran. 

Azkenik, kontzertuak joten hara eta hona ibilteaz gan, nazinoarteko hainbat jaialditan epaimahaikide izateko aukeratu dabe Gorka Hermosa. Batetik, Txinako Futian uriko akordeoi-konposizinoko nazinoarteko lehiaketan (online parte hartuko dau); bestetik, munduko akordeoi txapelketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu