Zemendiaren 6an hasiko da Bartzelonako EH Sona

Bizkaie! 2021-11-02 12:37   Musikea

Besteak beste, Bulego, Olatz Salvador eta Huntza dagoz egitarauan.

Euskal kulturea eta musikea Kataluniara eroango ditu 23. EH Sona jaialdiak, zemendiaren 6tik abenduaren 10era, egitarau bete-betearen bidez. Igazko edizinoa bertan behera geratu zan, pandemiagaitik, eta indarbarrituta dator festibala aurten, euskal eszenan zeresana emoten dabizan artisten eskutik. Bartzelonako Euskal Etxea da antolatzailea, eta Kataluniako uriburuko hainbat gunetan egingo ditue saioak.

Lehenengo hitzordua zapatuan, zemendiak 6, izango da, Euskal Etxean bertan (21:00). Bulego taldeak igongo dau oholtzara. Hilaren 12an, CAT gunean, Olatz Salvador bakarlariaren doinuez gozau ahal izango dabe kataluniarrek; 13an, talde bi izango dira La Deskomunal aretoan, Ezpalak eta Polybius.

Hurrengo hiru kontzertuetan Aitorpenak (zemendiaren 19an), Huntza eta Roba Estesa (abenduaren 3an) eta Nøgen (abenduaren 10ean) agertuko dira Bartzelonan. Musikeaz aparteko kontuei jagokenez, aitatzekoa da Patxi Irurzunek Chucherías Herodes liburua aurkeztuko dauela zemendiaren 20an.

Bartzelonako Euskal Etxeak oharra egin dau kontzertuetara sartzeko baldintzei jagokenez. Aretoetara sartu nahi daben guzti-guztiek aurkeztu beharko dabe Covid ziurtagiria, edo bestela PCR edo antigeno proba negatiboak. 

Kulturgintzako eragile ugariren eta erakunde publikoen laguntzinoa dau Euskal Etxeak EH Sona atontzeko orduan: Etxepare Euskal Institutua, Eusko Jaurlaritzea (Kultura Sailaren eta kanpoan bizi dan euskal komunidadeari arretea emoteko atalaren bidez), Airaka, Centre Artesà Tradicionàrius eta La Deskomunal.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu