Urietako gazteek euskal kultureagaz daben loturea aztertuko dabe Igo Bolumena! saioan
2021-10-29 13:35 KultureaAbenduaren 2an izango da hitzordua, Barakaldon.
Ahize-AEK-k jardunaldia antolatu dau, Igo Bolumena! Euskerea, kulturea, transmisinoa, ertzetatik izenburupean eta erakunde publikoak laguntzaile dituala: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Barakaldoko Udala. Azken herri horretako Clara Campoamor kultur etxean egingo dabe saioa, abenduaren 2an. Egun horren nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dabe Barakaldoko BIC Bizkaia Ezkerraldea Zentroan.
Erakunde horreetako guztietako ordezkariak egon dira aurkezpenean: Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria), Iratxe Foces (Barakaldoko Euskera zinegotzia), Alizia Iribarren (AEK-ko koordinatzaile nagusia) eta Naroa Jauregizuria (Ahize-AEK-ko aholkularia eta proiektuaren arduraduna).
Funtsean, ingurune urbanoetako gazteek euskal kultureagaz dituen hartu-emonak aztertuko ditue, eta lotura hori sendotzeko neurriak bultzatu. Horretarako, Damolat izeneko unidade didaktikoa sortu dabe, abenduaren 2ko jardunaldietan aurkeztuko dabena. Ondoren, nahi daben hezitzaile guztiek eskuratzeko moduan ipiniko dabe eduki hori, doban.
Ahize-AEK-k landu dau unidade didaktikoa, Ikastolen Alkartearen laguntzinoagaz, eta, hezitzaileei ez eze, kulturea zein euskerea zabaltzen dabizan ganerako eragileentzat be aproposa da: teknikari, erakunde, gaztetxe eta halakoentzat.
Barakaldoko jardunaldiari jagokonez, helburu garbia dau: euskerearen erdiguneetatik urrun dagozan gazteak kontuan hartzea, hau da, gehienbat erdaldunak diran uriguneetan bizi diranak, gogoetea egiteko asmoz. Euskal kulturearen ertzetan bizi dirala azaldu dabe aurkezpenean, eta, beraz, beharrezkoa da euskalgintzea eta kulturgintzea ikusgarriago egitea eremu horreetan.
Gazte askori, alboan dituen arren, ikusezina, sentiduezina, lausoa egiten jake euskerea eta euskal kulturea. Proiektu honen bidez, kanalak topau eta eregi nahi doguz euskerean bolumena igoteko, azaldu dau AEK-Ahizeko Naroa Jauregizuriak.
Jardunaldietan alor ugaritako adituek hartuko dabe parte: EHUko ikerlari Iratxe Retolaza, Eduardo Apodaka eta Irati Agirreazkuenagak, Mondragon Unibersidadeko Letizia Garciak eta Itsaso Junquerak... Ertzetako sortzaileek be euren eretxia emoteko tartea izango dabe, adibidez, Beñat Rodrigo musikariak, Iholdi Beristain abeslari eta aktoreak eta Sara Nieto abeslari eta aktoreak.
Miren Dobaran sailburuordeak eragile guztien arteko alkarlanaren beharra azpimarratu dau: Eraldaketa sakon bat egin behar badogu, sarean lan egin beharko dogu hezkuntza munduak, kultur eta euskera teknikariek, gizarte eragileek eta erakundeek, eta gazteen beharrizanetara egokitzen diran programak bultzatu.
Kulturearen eta hizkuntzearen transmisinoaren inguruko ardurea edo interesa daben guztiek hartu leikie parte jardunaldian. Izena emoteko epea zabalik egongo da zemendiaren 26ra arte, doban (hemen).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!