Maribel Salcedo: 'Jaia eta konpromisoa buztartzen doguz'
2021-11-02 07:59 BarriketanCaritas Arratiako arduraduna.
Pobreen V. Eguneko Jaialdia zemendiaren 13an egingo da, zapatuan, Dimako frontoian, 18:30ean. Egitarauari jagokonez, 50 artista inguruk Dimako frontoia beteko dabe pobreziaren kontra: bertsolariak (Ibon Iza eta Xabier Etxebarria), Bihotz Gorospe kantaria, Dimako korua, musikea, Antzerki musikala eta EALEko Jantzariak. Amaitzeko txokolate beroa emongo jake hurreratzen diranei. artean.
Urteroko antzerkiaren edo ikuskizunaren aurretik, zozketa solidarioko sariak norentzat diran argituko da: asteburuko lau menu Baltzola jatetxean, Gozari bi Axlor tabernan, menu bi Hermo jatetxean, erosketa bonoa Eroskin, Otzara bete produktu okindegian, Garena jatetxeak oparitutako botila bete kutxea (txakolina eta orioa), Artaungo Antzasti museorako sei sarrera eta bestelakoak.
Informazino gehiago hemen.
Caritas Bizkaiaren gaineko informazinoa hemen.
1.- Caritas Arratiak atondu dau Pobreen V. Eguna. Beharrizanak edo preminea egoala ikusita ala zelan otu jatzuen holako hitzordu bat atontzea?
Orain bost urte Aita Santuak Pobreziaren Eguna ezarri eban eta horri erantzunez edo geu be hasi ginan parrokietan eta zeozertxu egiten ze ikusten genduan beharrizana baegoala egon; Arratiako herrietako parrokietan hasi ginan batzar batzuk egiten eta hango eta hemengo egoerak eta jarrerak aztertzen baina aurrerago Caritas Arratia hasi zan beharrean eta horreek izan ziran lehenengo pausuak. Pobreen Eguna atontzea be hortxe bueltan etorri zan eta pozarren gagoz orain arte egindakoaz.
2.- Aurten zeintzuk dira helburuak?
Pobreak leku danatan dagoz, baita Arratian be eta jakin daizun guk batzen dogun dirua proiektu zehatzetarako izaten da. Kontuan hartu, pobreziaren gaia ez da eleiztar edo fededunen arazoa bakarrik.
3.- Bosgarrenez ospatzen da egun hau Arratian: Lehen hiru urteetan Igorren egin zan, igaz Zeanurin eta aurten Diman. Igaz batutako 9.000 euroak Arratian dagozan atzerriko gazte ez lagunduen egoitza biak (Bedian eta Areatzan) laguntzeko erabili ziran. Zelakoa da orain arteko balorazinoa?
Oso ona. Caritas Arratia mailan pozik gagoz baina herritarrak sano inpliketan dira, bai edadekoak, baita gazteak be konprometiduta dagoz. Igaz Arratian dagozan atzerriko gazte ez lagunduen egoitza biak, Bediakoa eta Areatzako laguntzeko erabili genduzan batutako 9.000 euroak eta pozarren gagoz.
Esan dozun moduan lehen hiru urteetan Igorren egin zan Pobreen Eguna, igaz Zeanurin eta aurten Diman; herritarrak bikain portau dira beti baina aurten Diman dalako edo, geugaz eta geure asmoakaz bat eginez, ostalaritzearen sektorea nabarmenduko neuke, sari potoloak eskaini dituelako.
4.- Aurten batuko dan dirua zertarako erabiliko dozue?
Aurten batuko dan dirua Bilboko Errekalde auzoan dabilen Elurra programearen alde izango da. Ekimen honi esker baliabide gitxiko familia monoparentaletako amak laguntzen doguz, formazinoa emonaz lanerako eta gizarteratzerako. Programa honek 30 urte baino gehiago daroaz martxan eta hiruhilekoan 300 lagun inguru laguntzen ditu. Boluntarioak eta euren lana beharrezkoak dira programa honen martxea ez eteteko.
5.- Pobreak gure artean, Dimako jaialdirako sarrera sinbolikoak salgai dagoz euro bitan. Jentearen erantzuna zelakoa izaten da?
Jenteak ondo erantzuten dau, euro bi pagetea sinbolikoa da baina beti agertzen da bateren bat esanaz, pobreak geu be bagara...; gu ondo bizi gara, batzuk hobeto beste batzuk baino, oraingoz ez dogu ezeren faltarik, gu baino txarrago asko dagoz, ezer be ez dauen jentea badago, gora adi eta horreek derrigor lagundu behar doguz. Eta eskertzekoa da batzuk ekarpen bereziak egiten dituela.
6.- Oso oker ez bagagoz, bateren batek Jaialdian parte hartzerik izango ez baleu, O filako txartelak erosi leikezala eta txartel horren zenbakia zozketan irabazle subertau ezkero sariak be izango dirala...
Bai, zozketa solidarioko sariak dira astegoienean lau menu Baltzola jatetxean, Gozari bi Axlor tabernan, menu bi Hermo jatetxean, erosketa bonoa Eroskin, Otzara bete produktu okindegian, Garena jatetxeak oparitutako botila bete kutxea (txakolin eta orioa), Artaungo Antzasti museorako sei sarrera eta bestelakoak.
Gainera, txartel bertsodunen atzeko partean bertsoak topauko dozuez, gai honetan sakontzeko aukerea emoten deutsuelarik. Pobrearen V. Egunerako bertsoak Jose Mari Kortazarrenak dira eta kantaria, barriz, Ana Berrizbeitia. Entzun bertsoak hemen.
Aita Santuak mezua dakar,
aurten bosgarren urtean,
Jesusen berbak barriro ere
guregana ekartean:
ez ahaztu modan ez egon arren
pobrezia gizartean,
behartsu eta pobreak beti
izango zuen artean.
Zabal begiak eta bihotza,
luza esku, sakel, zango,
senide dogu pobrea, bardin
hemengo edota hango,
ez zaitez izan kristau epela
fededun halan-holango,
behartsu eta pobreak beti
zuen artean izango.
Jesusen berbak ezin mantendu
sakristian hor gordeak,
pobre eguna ozen zabaldu
kanpai ta kanpandorreak,
mundu osoan jo neke barik
alkartasun dei nobleak
beti izango zuen artean
behartsu eta pobreak.
Batzuk larregi, oso eroso
bizi garan bitartean,
han eta hemen, lagun larregi
minimotik apartean,
berbaz, egitez, ekin dagigun
herri eta alkartean
behartsu eta pobreak beti
izango zuen artean.
7.- Jaialdia zelakoa izango da?
Zemendiaren 13an, zapatuan, Dimako frontoian ospatuko dogu aurten Pobrearen V. Eguneko Jaialdia Caritas Arratiak atonduta; buru-belarri dabiz Dimako herritarrak programa alai, erakargarri eta solidarioa preparetan. Upealako giroa izaten da eta lehen esan deutsudan lez, txiki zein handi, herritar danon ardurea da pobrezia, gaia ez da eleiztar edo fededunen arazoa bakarrik eta, beraz, jaia eta konpromisoa buztartuz, gizarte zuzenago baten alde egitea eskatzen deutsegu herritarrei.
Ganerakoan, Ibon Iza eta Xabier Etxebarria bertsolariak, Bihotz Gorospe abeslaria, Dimako korua, musikea, Antzerki musikala eta EALEko Jantzariak izango dira gure artean. Antzerki musikala zoragarria izango dalakoan nago, igaz tranbia izan zan protagonista eta sekulako erantzun izan eban eta aurten, barriz, Dimako autobusa aukeratu dogu, antxina herririk herri ibilten zan autobusa.
8.- Babesle eta laguntzaileen artean nortzuk nabarmenduko zeunkez?
Dimako Udalaren babes eta laguntzinoari esker egiten dogu hau guztia baina Artea, Bedia, Dima eta Zeanuriko Udalak be ibili dira; herritar askoren eginahalak be ez dodaz ahaztuko, Caritas Arratia, bertsolariak, abeslariak, jantzariak, danon artean ibili gara eta esperientzia ederra izan da. Eta, zelan ez, zeuori be eskerrak akordau zarielako eta zeuon webgunean tartetxu bat egin deuskuzuelako.
9.- Caritas Arratiako arduraduna zaitugu eta makinatxu bat lan izango dozue egunero. Zelakoa da zuon jarduna?
Egoerea aztertu, premina handiko kasuak jagon eta ahalik eta laguntzino edo babes handiena emotea dira gure egiteko nagusiak. Gure jardunean, lehenengo harrerea egiten deutsegu herritarrei eta jarraian gorabehera guztiak zehazten doguz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!