Acherito, Euskal Herriko eta Mendebaldeko Pirinioen lotunea
2021-10-29 10:16 Ibilian-ibilianBidea luzea da, patxadaz hartu beharrekoa, baina ederra.
Linzako aterpea Huescan dago, baina edozein euskaldunek geure lurraldean dagoala esan ahalko leuke, beti euskaldunez beteta dagoalako eta bertako langileren batek beti euskeraz egiten dauelako berba. Ganera, Euskal Pirinioetako mendirik esanguratsuenetara bertatik igoten da.
Jacatik buelta egin eta etxera heldu aurretik, Linzaratz jo neban, artean ezagutzen ez neban baina hainbatetan entzuna neukan Acherito mendira igoteko (2.374 m). Horretarako, hainbat dira aukerak, Ozako basotik, Hechoko bailaratik zein Linzatik, baina azken honetatik egin dogu oraingoan. Bestetik, lakua ez dogu ikusiko, baina bai beste ikuspegi eder batzuk. Goazen, bada, aurrera!
Ez dogu seinale askorik ikusiko, baina behin Linzako aterpean gagozala, ezker alderatz jo beharrean Hiru Erregeen Mahaira eta Petretxemara igoteko, guk justu aterpearen aurre-aurretik jarraituko dogu, beste bailara batetik. Plataforma txiki bat zeharkatu eskumaratz eta basoan sartuko gara. Zalantzarik izan ezkero, Wikiloc-en jarri ibilbidea, eskuko telefonoan; nik halan egin neban. Halanda be, bidean aurrera egin ezkero, konturatuko zarie pare bat bidegurutze izan ezik, besteetan oso ondo atzemoten dala nondik jo. Hori bai, bidegurutze horreetan bietan kontuz, batez be txabola baltz txiki batera heltzen garenean, bertatik ezkerretara egin beharko dogulako. Hortik aurrera, galbide barik, oso ondo dago bidea egina.
Danetarik dogu bide honetan, hainbat lurrazaletako bideak eta harriak eta harriak be bai. Egia esan, ikaragarri gustau jatan ibilbidea, luzea da, patxadaz hartu beharrekoa, baina ederra. Nik haizea aurrez izan neban eta horren eraginez igoeran normalean baino gehiago kantsau nintzan: ondo babesteko materiala jantzi eta aurrera. Behin harritza guztia igarota, mendiaren lepora helduko gara, eta bertatik, zig-zag eran egingo dogu goratz. Azken igoera luzetxuagoa egin daiteke, baina behin gora helduta, nekeak bere merezimendua izango dau.
Parebakoa da ikuspegia. Ganera, eguerdi bueltan igo nintzanez, Jacatik etorrita, itzela zan bakardadea. Mendi ezaguna dogu eta ziur goiz haretan jente piloa egoala; baina une haretan, ni bakarrik nengoan. Igoten nebilela emakume frantses bi jaisten hasi ziran, eta orduan ez zan beste inor geratu tontorrean, danak ebizan bajatzen, eta neuk be, bakardade eta Pirinioetako lilura horretaz guztiaz gozau, argazkiak atera eta beheratz egin nahi neban, eguraldia okertu edota haizea areagotu aurretik.
Benetan, ikaragarri gozau neban. Aurrez aurre, Huescako mendirik esanguratsuenetakoak nituan, alboan Hechoko bailarea eta ezker aldean Euskal Pirinioak. A ze oparia. A ze magia. Sensazino horrek gogorarazoten deusku zergaitik igon nahi dogun, zergaitik gozetan dogun horrenbeste naturaz. Txanoa ondo jarri, eta beheratz oraindino bide luzea dago Linzaraino!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!