Ángela Figuera omenduko dabe Bilbon
2021-10-29 09:12 KultureaBilbotar poetearen 119 urtemugea izango dan egunean, urriaren 29an.
Ángela Figuera Aymerich: poeta solidarioa izeneko berbaldia emongo dau María Bengoa kazetari eta idazleak eta ondoren, haren poemetako bat irakurriko da.
Ángela Figuera Bilbon jaio zan, 1902ko urriaren 30ean eta XX. mendeko bigarren zatiko poetarik handienetakotzat joten da, Carmen Condegaz batera. Filosofia eta Letrak ikasi zituan Madrilgo Unibersidadean eta Hizkuntza eta Literaturako katedradun izan zan Huelva, Alcoy eta Murtziako institutuetan.
Idazle moduan hasi zanean, Juan Ramón Jiménez eta Antonio Machadoren eragin handia izan eban eta, sarri, eguneroko jazoerak agertzen zituan testuetan. Apurka-apurka, emakumearen ikuspuntutik hasi zan idazten, bere herria eta sasoia maite zituan emakumea, frankismoaren kontrakoa, idazle gizonak nagusi ziran sasoian baina emakumearen zeregin sozialaren defendatzaile. Gerra osteko belaunaldiko idazletzat joten da. Blas de Otero eta Gabriel Celaya poetak lagun izan zituan; ez zan sekula kokatu talde poetiko batean edo bestean. Ez eban gura haren poesia inork definiduterik baina poeta sozialtzat jo eben emakumeak gizartean eban zeregina interesetan jakon eta eta norberaren bizipenak be erabili zituan horretarako. Esaten eban bere obran berak irakurritako guztia islatzen zala, antxina irakurritakoak edo momentuan irakurten zituanak.
Figueraren poemetan, lirismoa eta bizitasuna dira ezaugarri eta idazkera laua, ez bihurria. Argitaratu zituan lanak: Mujer de barro (1948), Soria pura (1949), El grito inútil (1952), Los días duros (1953) eta Víspera de la vida (1953), Belleza cruel (1958, Espainia Berria poesia-saria) eta Toco la tierra (1962). Era berean, umeentzako poema bildumak Cuentos tontos para niños listos (1980) eta hil ostean argitaratutako Canciones para todo el año (1984).
Bestalde, Ángela Figuerak Liburutegi Nazionalean lan egin eban eta handik, bibliobus diralakoakaz ibili zan literaturea eta irakurteko ohiturak eroateko Madrilgo auzo baztertuetara.
Idazlearen omenezko eguna ospatuz, Bilboko Udalak bilbotar hau ekarri nahi dau jentaurrera, sasoiko emakume asko legez, emakume izateagaitik eta Gerra Zibila galdu eban alderdian egoteagaitik, ez ebalako izan idatzitako obrakaitik merezidutako ezagutza publikoa.
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da ekitaldia; sartzea doban da, aretoa bete arte. Bertara joan barik be izango da aukerea streaming bidez aurkezpena ikusteko: www.kulturguneatb.eus .
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!