Arte Eder Museoko zuzendari izandako Javier Viar hil da
2021-10-28 13:54 Kulturea2017ra arte egon zan karguan.
XXI. mendeko Bilboko kulturgintzan erantzunkizun handiena izan dabenen artean dago Javier Viar, 2002tik 2017ra Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari izan zana. 75 urtegaz hil da, museoak berak jakitera emon dauenez. Miguel Zugazak kargua itxi ebanean heldu eutsan zuzendaritzeari Viarrek, eta 15 urteko bidearen ostean, Zugazak berak hartu eutsan lekukoa, Madrilgo Pradotik bueltan.
Viar zuzendari izan zan denporan, Arte Eder Museoa sendotu egin zan, eta bilbotar zein kanpokoen bisitak ugaritu egin ziran. Guggenheim Museoa zabaldu barri, haren gerizpean geratu zan Arte Ederretakoa, baina Zugazaren eta Viarren ardurapean bere bidea egin dau, Guggenheimen erritmoaren menpe geratu barik. Goi mailako erakusketak eta bilduma iraunkor baliotsua herritarrei hurreratzen jakin dau Arte Eder Museoak urteotan.
Javier Viar zuzendari izan zan 15 urteetatik seitan, 200.000 bisitari baino gehiago joan ziran museora. Antonio Lopez hiperrealistearen koadroen erakusketea (2012) izan zan Viarren sasoiko jentetsuena: urte haretan, ia 300.000 lagun pasau ziran Arte Ederren eraikinetik.
Bilbon jaio zan Javier Viar Olloqui, 1946an. Madrilen Farmazia ikasketak egin zituan arren, kulturgintzan ibili zan gaztetatik. Operea eta idaztea ziran bere zaletasun nagusietako bi, eta kultur kritikari be ibili zan denpora batez. Olerkiak, nobelak eta istorio laburrak idatzi eta argitaratu zituan.
Erakusketa batzuetako komisario be izan zan, gehienbat Balerdi, Chillida eta beste euskal artista batzuen ingurukoak. Guggenheim Museoko erosketen batzordeko eta Arte Eder Museoko Administrazino Kontseiluko kide izan eta gero, 2002an azken horretako zuzendari izentau eben, 2017ra arte.
Kulturgintzeari egindako ekarpenagaitik, sari eta autortza ugari egin eutsiezan Javier Viarri: Arteen eta Letren Frantziako Zaldun izentau eben 2008an eta ABAOk Urrezko Dominea emon eutsan 2017an. Bere ibilbide profesional aintzatetsiak eta borondate humanisteak aztarna ezabaezina itxi dabe museoan eta euskal kulturan, adierazo dau Arte Eder Museoak sare sozialetan zabaldutako mezuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!