Busturialdearentzat BBK Sariketako finalaurrekoetako azken txartela

Bizkaie! 2021-10-28 08:42   Bertsolaritzea

Hego Uriberi irabazi deutso Bilbon jokatutako kanporaketan.

Bertsolari gazteak Bilbon (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolari gazteen BBK Sariketako laugarren kanporaketea jokatu da Bilboko Urretxindorra ikastolan, finalaurrekoetan sartzeko geratzen izan dan azken saioa. Busturialdeko seikoteak irabazi dau, eta eskualde horretako ordezkariek kantauko dabe hurrengo fasean. Etxeko taldeak, Hego Uribek, amaitu dau bere bidea aurtengo edizinoan.

Busturialdeko taldean, 18 urtera arteko moltsoan, Aitzol Unzueta, Ismael Aomar eta Jokin Ansotegi egon dira oholtzan. 24 urtera artekoetan, Janire Arrizabalaga, Koldo Gezuraga eta Koldo Muñiz.

Hego Uribek, ostera, honako seikote hau aurkeztu dau: Haizea Telleria, Maddi Askaiturrieta eta Ixone Asategi 18 urtera artekoetan; Peio Molinuevo, Unai Foruria eta Txaber Altube 24 urtera artekoetan.

Bilboko saioan Arkaitz Estiballes izan da gai-jartzailea. Epaimahaian Beñat Romero, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi egon dira eta idazkaria Idoia Anzorandia izan da. 

Honenbestez, finalaurrekoen fasearen egutegia era honetara geratu da:

- Zemendiaren 15ean, Abadiñon, Uribe Kosta-Uribe Butroe.

- Zemendiaren 17an, Gernika-Lumon, Busturialdea-Lea Artibai.

Finalaurrekoetako irabazleek finalean kantauko dabe. Zemendiaren 29an izango da azken saio hori, Bilboko BBK Salan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu