Euskerea eta Nafarroako hezkuntza sistemea aztergai XXVI. Jagon Jardunaldian

Bizkaie! 2021-10-27 13:43   Euskerea berbagai

Zemendiaren 19an izango da, Iruñean.

Sagrario Aleman eta Castillo Suarez, jardunaldiaren aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskereak Nafarroako Foru Erkidegoko hezkuntza sisteman dauen egoerea aztertuko dabe zemendiaren 19an, Iruñeko Kondestablearen jauregian, Euskaltzaindiaren XXVI. Jagon Jardunaldietan. Erronka eta traba ugari ditu euskerazko irakaskuntzeak Euskal Herrian, eta Nafarroa ez da salbuespena. Azken aldion, ganera, herrialde haretan zeresana emon dauen gaia da.

Sagrario Aleman euskaltzain eta Jagon sailburuak eta Castillo Suarez euskaltzain urgazleak emon dabe jardunaldion nondik norakoen barri, Iruñean bertan egindako aurkezpenean. Hainbat eretxi eta ikuspegi batzeko bilgunetzat aurkeztu ditue Jagon jardunaldiak, gogoetarako eta esperientziak trukatzeko. 

Aditu ugariren eskutik, hainbat aldetatik helduko deutse zemendiaren 19ko gaiari: hizkuntzen bizibarritzean hezkuntzeak dauen zeregin garrantzitsua kontuan izanda, euskereak Nafarroako ikastetxeetan dauen lekua jorratuko dabe, eleaniztasuna ikasgeletan kudeatzeko moduak, baita martxan dagozan egitasmoak be. 

Nafarroako Gobernuaren hiru ordezkari izango dira mintegian, euren ikuspegia emoten: Marisa Zubiri, Maite Gorospe eta Alberto Barandiaran, hirurak Hezkuntza Sailekoak. Eduardo Aldasoro pedagogoak be egingo dau berba.

Euskerazko irakaskuntzako eragileei jagokenez, ordezkaritza zabala batuko da jardunaldian: Imanol Janices (Jaso ikastolea), Maider Etxaniz (Lizarrako ikastolea), Mirentxu Oteiza eta Nora Iriarte (EIBZ), Esther Lakasta (Dindaia Fundazinoa) eta Marta Diaz (Sortzen).

Hasikerako aurkezpeneko berbak Andres Urrutia euskaltzainburuaren eta Ana Ollo gobernuko kontseilariaren ardurea izango dira. Amaieran, ostera, Sagrario Alemanek egingo dau berba. Ikusi egitarau osoa hemen (PDF).

Izena emoteko epea zemendiaren 17ra arte dago zabalik. Interesa dabenek 948 22 34 71 zenbakira deitu leikie. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu