Gailu elektronikoak euskeraz ipinteko kanpainea martxan

Bizkaie! 2021-10-27 13:07   Euskerea berbagai

Ganera, sare sozialetan euskerazko edukiak sortzera animauko ditue gazteak.

Donostian egin dabe aurkezpena (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostian egindako agerraldian, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kanpaina barria aurkeztu dau, Zure hatz markea euskeraz lemapean, eremu digitalean euskerearen erabilerea eta presentzia handitzeko helburuagaz. Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta kanpainea diseinau dauen IKOM enpresako kide Izaro Iraetak emon ditue azalpenak.

Kanpaineak ardatz bi izango dituala zehaztu dabe Dobaranek eta Iraetak. Lehenengo ardatza gailu teknologikoak erabilten dituen herritarrei begirakoa da, gailuon konfigurazinoa euskeraz ipini deiela eskatuko deutse. Beste ardatzean gazteakan ipini dabe arretea, sare sozialetan euskerazko edukiak sortu eta zabaldu deiezan. 

Helburu biok lortzeko hainbat jarduera ipiniko ditue martxan. Hasteko eta behin, sare sozialetan lehiaketea antolatuko dabe, gazte euskaldunak aktibetako. Jente ezagunak hartuko dau parte, esate baterako, Kai Nakaik, Anepe Acedok eta Aitziber Garmendiak. 

Gailuak euskeraz ipintera animetako orduan be, Aitziber Garmendiaren laguntzinoa izango dabe kanpainan. Bideo labur edo tutorialen bidez, aktoreak herritarrei azalduko deutse gailu elektronikoak euskeraz zelan konfigurau, modu errazean. Eskuko telefonoak, sistema eragileak... Uste dogun baino tresna gehiagok dabe euskerazko bersinoa.

Tutorialak interesa daben herritar guztien eskura dagoz, gozatusareaneuskaraz.eus atarian.

Nekez erabiliko dogu ez dagoana, eta beraz, beharrezkoa da euskerazko eduki digitalak sustatzea; horretarako euskerazko tresna, aplikazino eta baliabide digitalak sustatu behar dira eta ikusgarritasuna emon, azaldu dau Miren Dobaran sailburuordeak. Sarean lehen berbea euskeraz izatearen garrantzia be nabarmendu dau, horrek ondoren hizkuntza hobespenei buruzko informazinoa emongo dauelako.

Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak apirilean onartu eban Euskerearen Aholku Batzordearen Ingurune Digitalean Euskerea sustatzeko batzorde-atal bereziak adostutako Euskerearen Ingurune Digitala: Gomendioak 2021-2024 bide orria; bertan, hamar gomendio emoten jakoz Eusko Jaurlaritzeari euskerearen erabilerea bultzatzeko ingurune digitalean, eta 24 ekintza-proposamen zehazten dira horregaz batera.

Euskerea ingurune digitalean bizirik eta bizi egoteko lau lan-lerro estrategiko ezarten dira bide orrian: euskerazko eduki digitalak sortzea; euskerazko tresna, aplikazino eta baliabideak sustatzea; baliabideoi ikusgaitasuna emotea, erabilerea handitzeko; eta zaintza teknologikoa dalakoa egitea. 

Dobaran sailburuordeak azpimarratu dauenez, martxan ipini barri daben kanpaineak bete-betean egiten dau bat lau helburuokaz. Zaintza teknologikoari jagokonez, merkaduan agertzen diran barrikuntza teknologiko arrakastatsuenak, informazino eta komunikazino teknologietako jokerak eta tresna barriak identifiketako ezinbestekoa dala dino Dobaranek, baita beste hizkuntza zein herrialde batzuetan egiten danaren jarraipena egiteko be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu