Jokotekniak Europako hizkuntza gitxituak izango ditu ardatz

Bizkaie! 2021-10-27 12:22   Euskerea berbagai

Hitzordua: Zemendiaren 6an, Euskerearen Etxean.

Azkue Fundazinoak eta Game Erauntsiak alkarlanean onduta, Jokoteknia Bideo-olgeten Euskal Jardunaldiaren hiru edizino egin dira orain arte. Hiru jardunaldiok izango harrera onaren ondorioz, aitatu erakundeek laugarren jardunaldia egitea adostu dabe, zemendiaren 6an, Euskerearen Etxean, 9:45etik 14:00etara. Jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da, Azkue Fundazinoaren YouTube kanaletik zein Game Erauntsiaren Twitch kanaletik.

Jardunaldiaren helburua da euskerea eta bideo-olgetak buztartu eta euskal zaleen komunidadea sortzea eta, esangura horretan, euskaldunen egoerea eta beste komunidade batzuen bizipenak be ezagutuko ditugu, izan be, Europako hainbat bazterretako gonbidatuek bideo-olgetei buruzko zein hizkuntza gitxituen egoereari buruzko gorabeherak azalduko deuskuez.

Aurten, barritasunak izango dira, tartean, aurreko hiru edizinoetako edukiak batuko dituan liburua aurkeztuko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Zerbitzuaren bitartez 2018, 2019 eta 2020ko Jokoteknia jardunaldietako hamalau berbaldiak batzen dituan liburua. Artikulu guztiak euskeraz dagoz eta askotariko gaiak lantzen dira bideo-olgetei lotutakoak, besteak beste, historia, produkzinoa, diseinua, itzulpengintzea eta lokalizazinoa, konserbazinoa eta feminismoa. Gaiok euskeraz lantzen dituan beste argitalpenik ez dago. Testuaren editorea Game Erauntsiko kide Maitane Junguitu Komunikazinon doktorea izan da.

Aurtengo jardunaldietan komunidadearen kontzeptuak esangura berezia hartuko dau, izan be, Europako hainbat bazterretako gonbidatuak gure artean izango dira eta berbaldiak eskainiko ditue euskaraz, katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez.

Bilbon izango ditugun hizlariak dira Luz Castro Pena, Aitor Artetxe eta Ethan Reyes, Gwenn Meynier, Maria Casañas, Morgan Roberts eta Brian C. Gilmour.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu