Villasoundek Suave taldea aukeratu dau birea egin daian

Bizkaie! 2021-10-27 10:41   Musikea

Kontzertuak Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Donostian emongo ditu.

Suave artistea. Erretratugilea: Ariadna de Lauzo | Ikusi handiago | Argazki originala

VSB TOUR-en helburua da bandeari bultzadea emotea, sinergiak sortzea beste leku batzuetako talde gazteakaz eta haren talentua erakustea Bilbotik kanpora be.

Azken fase horretara heldu aurretik, Suave taldeak, beste 5 taldegaz batera (Martín De Marte, Nize, Silitia,
Nun eta Ramona's Evil Boyfriend), mentoring fasean parte hartu dau, formazino berezia jasoz produkzino teknikoaren, komunikazinoaren, jaubego intelektualaren edo sustapenaren gainean.

Bilboko Udalak VillaSoundBilbao jarri eban martxan 2020ko urrian eta, ordutik hona, hainbat fase izan dira: lehenengoan, VillaSoundBilbao Fest izan zan, Bilborocken kontzertuak egin zituelarik hasiera batean hautatutako 12 bandek; bigarrena, VillaSoundBilbao Mentoring fasea izan zan, 12 talde horreetako 6 hautatu baitziran, formazinoa eta laguntasun profesionala jasoteko eta hirugarrena eta azkena, VSB Tour, amaierea emongo deutsona Jaialdi honen lehen edizinoari.

Gainera, igazko zemendian, jaialdi honen inguruan, VillaSoundBilbao Talk atondu eben, jardunaldi edegia eta doban musikearen sektorearen gainean jarduteko eta gogoetea egiteko; gainera, 2021eko maiatzean zehar, gorantz datozen taldeen kontzertuak atondu zituen Bilbon.

Suave

Taldeak jaialdiaren fase guztiak gainditu eta epaimahaiak erabagi dau bera izatea Estaduan birea egingo dauen taldea. Suave artista-kolektibo bat da, 2020aren hasieran sortua eta sorkuntzearen industriako era bateko eta besteko profil profesionalek eratua. Gaur dan egunean, musikakoa da proposamena eta hainbat single ditue argitaratuta; oraintsu argitaratu dabe debuteko bildumea be, El Diccionario de las Flores izenekoa, bide barriak edegi gura dituana Euskadiko uri-musikearen eszenan.

Musika pop-elektronikoko proiektu garaikide eta independentetzat dabe burua, norabide barri bat emon gura leikiona euskal urban musikeari, proposamen barritzaile eta sormenezkoakaz. Argitaratutako abestiak hainbat generotara hurreratu dira, besteak beste, R&B, indie edo Pop-Rock eta kolektiboak bideoklipak egin ditu hareetako batzuen inguruan, eurak idatzi eta produziduta.

Joan dan irailean eskaini eben lehen zuzenekoa Bilborock aretoan, Bilboko Udalak atondutako Musika Lokala zikloan. Urriaren 29an, beste kontzetu bat emongo dabe Bilborock-en, Freskure izeneko tokiko banden zikloaren barruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu