Pascal Gaigneren obra bi estreinauko ditu Euskadiko Orkestreak

Bizkaie! 2021-10-27 10:03   Musikea

Hamar kontzertuko programea urriaren 28an hasiko da.

Denporaldiko bigarren kontzertu-programan Pascal Gaigne musikariaren obra bi estreinauko ditu Euskadiko Orkestreak, Txaikovskiren pieza ezagunak joteaz gan. Urriaren 28tik zemendiaren 4ra bitartean, hamar kontzertu izango dira, Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Oraingo honetan, Jaume Santonja izango da zuzendaria. 

Pascal Gaigne gaur egungo euskal musikagile entzutetsuenetako bat da, batez be, zinemarako egin dituan konposizinoakaitik. Ehun bat film luze, film labur eta dokumentaletarako musikea egin dau. Goya Saria irabazi eban Handia pelikulako soinu-bandeagaitik. Horrezaz gan, musikari ezagunei laguntzen be ibili zan sasoi baten, adibidez, Amaia Zubiriari eta Joseba Tapiari. 

Orkestrarako egiten dituan konposizinoak ez dira, beharbada, Gaigneren alderdirik ezagunena, baina mundu zabalean entzun ahal izan dira, besteak beste, AEBetan, Japonian, Txinan eta Finlandian. Euskadiko Orkestrearentzat pieza bi egin ditu, Urrutiko arimak eta Urruneko azalak. Berez, obra bakarraren zati bi dirala dino autoreak. 

Covid-19aren pandemiaren ondorioz sortu zituan Gaignek konposizino biak. Edukierak murriztu eta jente piloketak gitxitzea lehentasuna bihurtu zanez, Gaignek pentsau eban onena obrea zati bitan banatzea izango zala: lehenengoak orkestrearen erdia behar dau, eta bigarrenak, beste erdia. 

Hain zuzen be, ziklo honek programa bi dakarz. Kontzertuen egunetan, 18:00etako hitzorduan lehenengo programea interpretauko dau Euskadiko Orkestreak; 20:15ekoan, bigarren programea. 

Lehenengo programan Gaigneren Urrutiko arimak eta Txaikovskiren 1. Sinfoniako Neguko ametsak joko ditue musikariek. Bigarren programan, Urruneko azalak eta Txaikovskiren 3. Sinfoniako Poloniarra entzun ahal izango dira. 

Hauxe da egutegia:

- Donostiako Kursaalean, urriaren 28an eta 29an.

- Gasteizko Principalen, zemendiaren 2an.

- Bilboko Euskaldunan, zemendiaren 3an.

- Iruñeko Baluarten, zemendiaren 4an.

Erosi sarrerak hemen (10 eta 35 euro artean).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu