Hizkuntzen kudeaketarako praktika onen tresna barria aurkeztu dabe

Bizkaie! 2021-10-27 09:08   Euskerea berbagai

Bilatzaile horretan, 30 erakunderen 40 praktika baino gehiago sartu ditue.

Euskalduna Jauregian egindako jardunaldia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskalit erakundeak Bilbon egindako topaketa bat aprobetxau dabe hizkuntzen kudeaketarako praktika onen tresna barria aurkezteko, hizkuntzen kudeaketearen inguruan martxan jarritako praktika onak identifikau eta zabaltzeko helburuz. Kudeaketa orokorra, beharginek euskerea erabilteko dinamikak, bezeroen zerbitzu-hizkuntzea bermatzeko erespideak eta abar sartu ditue bilatzailean.

Euskaliten webgunean topau leiteke tresna barria (hemen). Hizkuntzen kudeaketan interesa daben erakunde, alkarte eta enpresa guztien esku egongo da, berez sarbide libreko erremintea dalako, hau da, nahi dauena sartu leiteke. 

Tresna barria aurkezteaz gan, hizkuntzen kudeaketa aurreratuaren inguruko hainbat alderdi jorratu ditue Bilboko Euskalduna Jauregian egindako jardunaldian. Erakunde pribadu eta publikoetako ia 450 lagunek hartu dabe parte: 60 inguru Euskaldunan bertan izan dira, eta ganerakoak, online. 

Lau enpresa eta erakundetako ordezkariek hizkuntzen kudeaketearen inguruan martxan jarritako proiektuak azaldu ditue: Cikautxo, Osatek, Fagor Arrasate Kooperatibea eta Emakunde izan dira. 

Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek be adierazpenak egin ditu jardunaldian:  Enpresetan euskereak lekua izan behar dau, baina hizkuntza bakotxa non, zelan eta zertarako erabiliko dauen erabagi behar da. Hausnarketa horretan euskereak bere lekua izan behar dau, bere markea eta irudia nortasunagaz eta bertakoagaz lotuko ditualako, gizarteagaz erantzukizuna erakutsiko dauelako, euskal gazteen talentua erakarriko dauelako, hurreko bezeroei kalidadezko zerbitzua eskainiko deutselako, langileen arteko kohesinoa hobetuko dauelako. Horrek lehiakortasunean eta jasangarritasunean eragiten dauela azaldu dau sailburuordeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu