2022ko udagoienean egingo da XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bizkaie! 2021-10-26 10:50   Bertsolaritzea

Getxon hasiko da irailaren 24an eta abenduaren 18an amaituko Iruñean.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finala, Barakaldon. / XDZ - Gari Garaialde | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiak eragindako egoerea leundu dan honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienagaz bururaino eroateko modua izango dala aurreikusiz, 2022ko udagoienean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizinoa egiteko erabagia hartu dau Bertsozale Alkarteak.

Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritzea sustatzea da Bertsozale Alkartearen helburua. Ondorioak nabarmentzekoak izaten dira: zaletasuna indartzen da, bertso-eskoletarako bizigarri dira eta ilusino eragile da lekuan lekuko bertsogintzan.

Helburu horreei eutsiz eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diran azpiegiturak eskaintzen dituala aztertu ondoren, Bertsozale Alkarteak finala bertan egiteko erabagia hartu dau.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea dau asmoetako bat. Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritzea sustatzeko ahalegin handia egin dau Nafarroako Bertsozale Alkarteak 1984. urtetik. Horren ondorioa da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritzea Kultur Intereseko Ondasun izentau izana.

Ohiko plazak, lehentasun

Ohiko bertso plazea berreskuratzea da bertsolaritzearen mobimentuaren asmo nagusia eta egun martxan diran lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienagaz egiteko eta Bertsolari Txapelketa Nagusia atontzen ilusinoz eta buru-belarri dabil alkartea eta Bertsozale Alkarteak eskerrak emon gura deutsee, 1987tik gaur arte txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez, bertsolaritzea sustatzen eta eragiten lankide izandako norbanakoei, bertso-eskolei, alkarteei eta erakundeei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu