Bime Live eta Bime Pro, Bilbon
2021-10-25 13:31 MusikeaHitzorduak urriaren 27tik 30era izango dira.
Bime Pro topaketa profesionala (munduko bazter guztietako 3.000 profesional baino gehiago etortea espero da, 60 komunikabide baino gehiagok egingo dabe jarraipena eta helburuak dira sektoreko dinamikak aztertu, barrikuntzak aurkeztu eta datorrenari aurre egitea) Euskalduna Jauregian izango da urriaren 27tik 29ra eta Bime Live, barriz, Bilbao Arenan, zuzeneko musikaz gainezka datorren jaialdia, Estrella Galicia programazinoaren barruan, 40 kontzertu doban eskainiko dituana, 29an eta 30ean. Programa guztia bertatik bertara eta online jarraitu ahal izango da, bideo-kanalen eta podcasten bitartez. Bilboko Udalaren babesari esker datoz hitzorduak.
Bime Pro
Teknologia, musika-gainbegiratzea, finantziazinoa, marketina eta komunikazinoa, argitaratzeagaz eta legeakaz lotutako alderdiak, industriaren azken jokerak, sektorearen orainaldia eta etorkizuna izango dira eztabaidagai hiru jardunaldiotan, Bilboko Euskalduna Jauregian. Programa profesionalean, danetara, 68 berbaldi, 12 masterclass eta 13 tailer atondu ditue eta 17 herrialdetako 200 hizlari baino gehiago batuko dira.
Artistei jagokenez, garrantzitsuenak honako honeek dira: Raphael, Shirley Manson, Mala Rodriguez, Bomba Estéreo eta John Acquaviva; horreek guztiek beren karrera osoko eskarmentua konpartiduko dabe. Egitarauari jagokonez, J. Balvinen manager diran Fabio Acosta eta Iván Alarcón, RLM enpresako CEO den Rosa Lagarrigue, espainiar sustatzaile mitikoa dan Gay Mercader eta Ed Sheeran musikariaren agentea dan Jon Ollier. Azken barrikuntzak aitatzearren, Fernando Velázquez konpositore espainiarra alkarrizketatuko dau Live Nation-eko Joe Perez Orivek edo Rosalía eta Nathy Peluso handien tour managerrak, Ricardo Boffik, tailer bat eskainiko dau nazioarteko bira bat zelan atondu azaltzeko.
AEDEM alkarteak atonduta, Euskalduna Jauregian I. Musika Edizinoaren biltzarra be izango da, baita inoiz ez bezelako nazinoarteko topaketa bat be, lehen aldiz Bime Proren barruan: Music Equality Foruma. Gainera, Acción Cultural Española alkartearen babesari esker, musika-feria iberoamerikarren topaketearen hirugarren edizinoa be izango da: Atlantic Music Conferences Symposium (AMCS), izan be, kontinenteak konektetako herrialde iberoamerikarretan egiten diran 14 ferietako ordezkariak etorriko dira Bilbora.
300 jaialdi baino gehiago batuko dira Bime Fest ekitaldian, artisten kontratazinoaren orainaldia eta etorkizuna aztertzeko. Sektoreagaz lotutako prestakuntzea jaso eta sektore horretan lan egin nahi dabenen gunea Bime Campus izango da eta ekintzaile eta inbertitzaileak, ostera, Bime Start Up Village eremuan batuko dira. Ekitaldien sektoreko barrikuntzak landuko dira Bime Tech ekitaldian; eta era guztietako konponbide teknikoak ezagutzeko aukerea izango dabe networking-ean parte hartzen daben bisitari, erakusketari eta host-ek, guztiontzako negozio-aukerak sortuz.
Urtetik urtera gero eta konpromiso sendoagoa dago Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendeagaz eta konpromiso horren adierazgarri da ingurumenari, genero-bardintasunari eta konsumoaren arloko erantzukizunari emoten jakon garrantzia. Ekitaldian akreditautako personek edizio honetan parte hartuko daben hiru erakunderi (Kataluniako Hardcore Hits Cancer, Euskal Herriko DalecandELA eta Kolonbiako Llorona Records) laguntzeko aukerea izango dabe, dohaintza bat eginez.
Aurten, Bimeren amaierako ekitaldia inoizko bereziena izango da: Bogotá uriak hartuko dau lekukoa, Europaren eta Amerikaren arteko zubilanak egiten dituan ekitaldiaren egoitza barria izango baita; beraz, urtean bigarren hitzordu bat be izango da, Kolonbian. Ekitaldi horretan izango dira ZETAK (Euskadi) eta BOMBA ESTÉREO (Kolonbia).
Bime City Son Estrella Galicia
Lehen bi egunetan, programaren gaueko kontzertuei esker nazinoarteko azken musika-jokerak ezagutu ahal izango ditugu Bilboko aretoetan, urte eta erdiz zarratuta egon ondoren. Askotariko soinuak, rock-etik trap-era, eta pop-etik erritmo latinoetara: 9 herrialdetako talde eta artista barriek 40 kontzertu baino gehiago eskainiko ditue.
Musikaz gan, aurtengo programazinoan bestelako jarduera bereziak be izango dira: Mala Rodríguez raperoak “Cómo ser Mala” liburua aurkeztuko dau Bilboko eraikin adierazgarrienetako batean, hau da, Bidebarrietako Liburutegian.
Udagoieneko musika-jaialdi garrantzitsuenaren hitzordua urriaren 29an eta 30ean izango da, Miribillako Bilbao Arenan. Lehenengo egunean Bad Gyal artistearen reggaeton kutsuko dancehalla izango da protagonista; horrezaz gan, Trueno argentinarrak be joko dabe lehen egun honetan, jentearen upealako erantzuna izan dauen Atrevido lehenengo albuma aurkezteko; Maikel Delacallek perreoa ekarriko deusku jantza-pistara, bereizgarri dauen reggaeton, r&b eta rap estiloen nahasketeagaz; eta Frente Cumbiero taldeari jagoko azken kontzertua egitea, ikutu latino nabarmeneko taldeari.
Bigarren egunean, barriz, Natos y Waor bikote raperoa; Iruñeko lagun talde zirikatzaileena Chill Mafia; Ana Tijoux; eta raparen eta poesiaren arteko fusinoa, Laura Sam eta Juan Escribanoren eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!