Haira Aizpurua Ibargaraik jantzi dau txapela Euskal Herriko Eskolartekoan

Bizkaie! 2021-10-25 08:52   Bertsolaritzea

Maddi Agirre Epelde izan da txapeldunordea.

Haira Aizpurua Ibargarai. Argazkia: XDZ | Ikusi handiago | Argazki originala



Abadiñoko probalekuan nagusitu 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren saguzarra. Udabarrian hasita lurraldez lurralde egin diran saioetatik sailkatutako euskal lurralde osoko hamaika bertsolari gazte batu dira oholtza gainean: Aetz Etxart Sarasola (Urdiñarbe, 2004), Beñat Astiz Isasi (Barañain, 2004), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani, 2003), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006), Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo, 2003), June Diaz Franco (Algorta, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004) eta Oneka Arteaga Olasagasti (Kanbo, 2003). Zaleak be ez dira gitxi izan, handik eta hemendik etorritako 230 lagun inguru.

Xabier Irakulisek gidatu dau saioa. Hasierako agurra eginda, ha be puntuagarria, bina bertso bota ditue zortziko handian eta txikian bertsolari gazteek. Ariketa horreetan puntu gehien jaso dituen sei parte-hartzaileak igaro dira hurrengo fasera: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipi, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Naia Arrizabalaga eta Oneka Arteaga. Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Leire Etxebarria eta Zigor Leunda ibili dira epaile lanetan eta Eneritz Artetxe idazkari.

Bakarka egin ditue sei bertsolariek bigarren faseko ariketak: puntua emonda lehena eta gaiagaz bigarrena. Epaileen erabagiaren barri emoteko igon dau Idoia Anzorandiak oholtzara: Haira Aizpuruak eskuratu dau 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapela eta Igor Elortzak jantzi deutso. Txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota dau agurreko bertsoa eta anaiari eskaini deutso txapela: "amesetako txapel eder hau eskaintzen deutsat anaiari, sortu danetik nire bizitzea alaitu dauenari". Maddi Agirrerentzat izan da bigarren postua.

Ikastolen Alkarteak eta Bertsozale Alkarteak atondu dabe Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketea; Abadiñoko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea dira aurtenlaguntzaile. Gazteei jentaurrean bat-batean jarduteko aukera emotea dau helburu, baita umeak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea be.

2022. urtean be alkarregaz ospatzeko modua izango dogulakoan, hurrengo urtera arte!

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu