Oihana Bartrak irabazi dau Mungiako kanporaketea
2021-10-25 07:55 BertsolaritzeaFinalaurrekoetan egongo da bilbotarra.
Asterik aste aurrera doa 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea, dagoeneko lau kanporaketa jokatu dira. Mungian izan da astegoieneko saioa, Olalde aretoan, harmailetan zale ugari dirala. Sei bertsolari lehiatu dira, eta epaileek Oihana Bartra Arenas bilbotarrari emon deutse puntu gehien, 479.
Hortaz, hurrengo fasean, hau da, finalaurrekoetan, kantetako txartela zuzenean eskuratu dau Bartrak, beste saioetako puntuazinoei begira egon barik. Zemendiaren 27an entzungo dogu barriro bertsolari bilbotarra, Galdakaon.
Mungian, Oihana Bartraren atzetik, Paule Ixiar Loizaga izan da bigarren, 472,5 puntugaz, eta hirugarrena, Aitor Etxebarriazarraga, ez da urrun ibili (472). Koldo Gezuragak 460 puntu batu ditu, Aissa Intxaustik 427,5 eta Arkaitz Zipitriak 426. Gai-jartzailea Igor Menika izan da.
Epaileak honeek izan dira: Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea; idazkaria, Itziar Basterretxea Olarreaga.
Hurrengo kanporaketea zapatuan jokatuko da, Elorrioko Arriola Antzokian. Sei bertsolari egongo dira oholtzan: Aitor Arrutia, Igor Galarza, Imanol Arrutia, Imanol Uria, Iñaki Iturriotz eta Peru de Pedro.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!