Euskerea sustatzeko Hiruko Ituna barritu dabe

Bizkaie! 2021-10-22 13:35   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Euskerearen Erakunde Publikoa dira sinatzaileak.

Ana Ollo, Antton Curutcharry eta Bingen Zupiria, Baionan (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hezkuntzan, aisialdian, eremu sozioekonomikoan, kirolean eta ikerkuntzan euskerearen erabilerea sustatzeko asmoz egin eben Hiruko Ituna Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskerearen Erakunde Publikoak 2017an. Baionan egindako topaketan, 2021-2025 eperako barritu dabe hitzarmena.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak, Nafarroako Foru Gobernuko kontseilari Ana Ollok eta Euskerearen Erakunde Publikoaren lehendakari Antton Curutcharryk hartu dabe parte ituna barritzeko ekitaldian.

Orain arte Hiruko Itunak ekarri dituan emoitzakaz eta erakundeen artean sortu dan lankidetzarako giroagaz pozik agertu dira hiru administrazinoetako kideak. Erakunde bakotxak bere lurraldeko errealidade soziolinguistikora egokituta, baina danek atera deutse probetxua hitzarmenari.

Lau urte honeetan ikusi dogu zeinen garrantzitsua dan bakotxaren aukera eta erritmoak errespetatuz lan egitea, adierazo dau Zupiriak. Sare berean, helburu berari eta egiteko modu partekatuak bilatuz lortu dogu euskerearen lurraldeen arteko lankidetzea sendotzea.

Beste lau urterako hitzarmena sinatuta, orain arteko bideari eutsi eta aurrerapausuak egitea da asmoa, erakundeen arteko lankidetzan eta adostasunean oinarrituta eta lidertzea konpartiduta. Jarraipena egiteko, Batzorde Mistoa urtean behin batuko da gitxienez.

Hiruko Itunaren sinatzaileek nabarmendu dabenez, euskerazko irakaskuntzea bultzatzeko beharrezkoa da lankidetzea, ikasleen mobikortasuna eta goi mailako ikasketak beste lurralde baten egin nahi dituen ikasleentzako aukerak handituta. Helduen euskalduntzearen arloan be alkarregaz ibiliko dira hiru erakundeak, gaitasun-mailak ebaluetako probak eta sistemak sortzerakoan.

Ikerketa soziolinguistikoaren arloan, bestetik, datuen bilketa alkarlanean egitea zehazten dau hitzarmenak,  euskerearen eremu osorako bateragarriak eta aldi berean lurralde bakotxeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak izan daitezan.

Aisialdian, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan eta euskerazko hedabideetan be euskerearen erabilpena sustatu beharra aitatzen dau itunak. Antton Curutcharryk adierazo dauenez, hizkuntza politikan bakotxak daukan esperientzia, jakitatea eta informazinoa partekatzea garrantzitsua da, baita lankidetza teknikoen bideratzea hizkuntza politikarentzat estrategikoak diran gai batzuetan, hedabide edo aisialdian adibidez.

EEPko lehendakariak ganeratu dauenez, azken hilabeteetan bizi izan dogun krisi sanitarioak erakutsi deusku euskerearen erabilpena zein hauskorra dan eta egoera honetan inoiz baino beharrezkoagoa da indarrak batzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu