Musika Bizian Galdakaon, zemendiaren 5ean eta 6an
2021-10-22 08:20 MusikeaSizilia, Kurdistan, Faroe eta Euskal Herriko taldeak izango dira gurean.
Estadurik bako nazinoei zuzendutako musika Jaialdi bakarra da eta lau kontinentetako 30 talde baino gehiagok hartu dabe parte orain arte. Azken urteotan 5.000 partaide baino gehiago batu ditu
Atontzailea Andra Mari Eusko Jantzari Taldea da eta pandemiak behartuta urtebetez etenda egon ostean, Galdakaok Musika Bizian jaialdia jarriko dau barriro martxan. Zazpigarren edizinoa beteko dau 2021. urtean, Estadurik bako nazinoetatik etorritako artistak hartzen dituan kultur hitzordua da eta lau kontinentetatik etorritako hogeita hamar musika talde baino gehiago ekarri ditu Bizkaira.
Galdakaoko Iturriondo plazako eszenatokian, zemendiaren 5ean eta 6an, karpa handi batean, bost musika-taldek parte hartuko dabe, horreetako bi euskaldunak, eta gainerakoak Sizilia, Kurdistan eta Faroe ugarteetatik etorritakoak.
Xabier Solano Maiza trikitilari hernaniarrak (Fermin Muguruzagaz eta Esne Beltza taldeko kide lez egindako kolaborazinoak nabarmentzen dira bere ibilbidean) Kimua Jantza Kolektiboa izango dau lagun, Lizartzako (Gipuzkoa) jantzariantzari taldea.
Skakeitan talde donostiarra, 2008an Donostian sortutako zortzikotea, be gurean izango da; 2012an, lehen albuma grabau eben, Ahots bakoen ahotsa, taldearen nortasuna bilatzeko prozesu baten hasierea. Nola Galdu Denbora da taldearen laugarren eta azken diskoaren izena. Euskeraz eta gaztelaniaz abestutako abestietan, hasierako ska erritmoek indar apur bat galdu rapeautako esaldiak indartu dira.
Kanpoko ordezkaritzea:
- I Beddi, Siziliako musika tradizionala berreskuratzeko asmoagaz 2005ean jaiotako seikotea.
- Adir Jan, Berlingo Kreuzberg auzoan jaiotako kurdua, bere musika queer poesiaren, folkaren, mistizismo sufiaren eta rock psikodelikoaren arteko nahasketa gisa deskribatu da.
- Danny Baldursson, Faroe ugarteetako abeslari eta gitarra-jotzailea, 2016-2018 urteetan mila kontzertu emon zituen Danimarkan, Islandian, Groenlandian eta Alemanian eta 2019an, Song Writing Award saria irabazi eban, Holy abestiagaitik.
Kontuak kontu, ohiko eszenatoki nagusiko kontzertuakaz batera, bestelako jarduerak be izango dira, besteak beste, luthierren azoka bat, zapatuan, eguerditik aurrera, euren maisutasuna erakutsiko daben musika-tresna tradizionalen fabrikatzaileak. Kale-animazino musikala be izango da herriko taldeen eskutik, Taberna ibiltariak eta Beti Jai txarangeak (19:00etan), giroa berotuko dabe saioank hasi baino ordubete lehenagotik.
Kontzertuen egitarauari jagokenez, barikuan, zemendiaren 5, 20:00etan ekingo deutso lanari I Beddi siziliarrak eta ondoren Xabi Solano Maiza & Kimua Jantza Kolektiboaren txandea izango da. Zapatuan, zemendiaren 6an, 20:00etan hasiko da Adir Jan musikari kurduarenk eta Danny Baldurssonen kontzertua eta Skakeitanek zarratuko dau jaialdia.
Musika Bizian kultur eskaintza berezia da: Estadurik bako herrialdeetako musikeari eskainitako jaialdi bakarra da eta dagoeneko Europatik, Ameriketatik eta Afrikatik etorritako hogeita hamar talde inguruk hartu dabe parte. Ekimena 2014an jarri eben martxan sei hamarkada baino gehiago dituan Andra Mari Eusko Jantzari Taldeak eta sei edizinoetan bere izakereari eutsi deutso: irabazi asmorik bao folk/rock jaialdia, lehen mailako taldeak dituana, familia osoari zuzendutako jarduera osagarriek lagunduta. Jaialdiak Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Laboral Kutxaren eta Iraragorri Hotelaren laguntzea ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!