Antzerkigintzearen bidez nabarmenduko ditue euskerearen arnasguneak

Bizkaie! 2021-10-22 08:28   Euskerea berbagai

Sorkuntzarako bekea emongo dabe.

Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk bat egin dabe Arnasguneak izeneko sorkuntzarako bekearen deialdia egiteko. Antzerkigintzearen bidez, euskerearen arnasguneen garrantzia autortu eta gizarteratzea da asmoa, udalerririk euskaldunenek egiten daben ekarpen baliotsua gogoan.

Sortzaileek, beraz, zemendiaren 15era arteko epea dabe proiektuak aurkezteko eta abenduaren 3an emongo dau epaimahaiak ebazpena, Euskerearen Nazinoarteko Egunean. Irabazleari 23.000 euro emongo deutsez proposamena gauzatu eta antzezlan bihurtzeko. Azpeitiko Dinamoa sormen guneko espazioak eta azpiegiturak erabilteko aukerea izango dau irabazleak, behar izan ezkero.

Ganera, behin antzezlana atonduta, Azpeitian bertan egingo dabe estreinaldia, 2022ko Euskal Antzerki Topaketetan. Ondoren, gitxienez beste hamar emonaldi lotzeko konpromisoa hartu dabe bekearen deitzaileek.

Deialdi honetara era guztietako antzerki taldeak aurkeztu leitekez, baina obrak ezinbestean euskerazkoak izango dira. Euskerearen arnasguneen garrantzia gizartean zabaltzeko antzezlanak izan beharko dira. Antzokietan zein areto txikietan emoteko moduko obrea izango da, emonaldiak herri txiki eta handietan programetako asmoa dabelako antolatzaileek. 

Irakurri oinarriak hemen (PDFan).

Epaimahaian bekearen deialdia egin daben erakunde nagusietako ordezkariak egongo dira, hau da, Eusko Jaurlaritzakoak, Nafarroako Gobernukoak eta UEMAkoak. Era berean, Azpeitiko Udalak eta Dinamoa sormen guneak be kide bana izango dabe, ekimenaren laguntzaileak diran ezkero. 

Sormen beka hau ez da erakunde publikoen eta UEMAren arteko alkarlanaren lehenengo emoitzea. Izan be, martxan dabe Arnasa gara ekimena, helburu nagusi bi beteteko helburuz: udalerri euskaldunek eta arnasguneek hizkuntzeari egiten deutsen ekarpena nabarmentzea eta herritarrak arnasguneen garrantziaz jaubetzea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu