'Euskal Herriko runba', Kilimak taldearen lehenengo diskoa plazan
2021-10-21 13:36 MusikeaIñaki Iradik Soledad abestiaren berbak idatzi ditu.
Kilimak taldea 2018an sortu zan Hernanin (Gipuzkoa). Esan daiteke runbara kasualidadez heldu zirala, jai giro batean jo eban Agus Garmendiak runba abesti bat eta kilimak sentidu zituan sabelean. Lehen idea hori ardatz hartuta etorri zan Kilimak taldea runbaren doinuak erabiliz bihotzak eta buruak alaitu eta gorputzak jantzak jarteko helburuari eutsiz. 2020an, Gaztea Maketa Lehiaketan, 4 finalisten artean egon ondoren, Entzulearen saria irabazi eta ordutik ia 100 kontzertu emon ditue. Boskote hasieran, baina diskoa grabetako seigarren kidea batu jaken, Ihintza Zozaya, Ioneren ahiztea.
Kilimak taldearen Euskal Herriko runba diskoa Hernaniko Oh Brother! estudioetan grabau dabe 2021eko udan. Grabaketea, produkzinoa, nahasketea eta masterizazinoa Iñigo Egiak egin ditu. Diseinuak, barriz, Ximon Agirrek eta Arantxa Vidalek egin ditue. Laguntzaile bakarra izan dabe, Iñaki Iradik Soledad abestiaren berbak idatzi ditu.
Diskoan sei abesti topauko ditu entzuleak, bost euskeraz (Gatza, Kontakatilu, Errutinearen tranpa, Gau hontan eta Burrunba) eta bestea gaztelaniaz (Soledad); erritmoetan runbea da nagusi baina swing bat be badago; jaia, alaitasuna eta poza dira taldearen ezaugarri. Entzulea erakarteko erritmo jantzagarriak erabilten ditue. Euskal runbearen ziklo barri baten hasierako pausuak egin ditu Kilimak taldeak eta disko barriak protagonismo musikala izateko osogai asko ditu, jenteak alaitasuna gura dauelako, Euskal Herriak alaitasuna aldarrikatu gura dauelako, Kilimaken runbak entzun eta ikusi ondoren jaia dator, seguru.
Kilimak taldearen runba melodiek berba eta esaldi errazak ditue, entzundakoa berehala errepetiduteko modukoak. Taldea kapaz izan da sei abestigaz indar parebakoa emoteko diskoari, beti dalako garaia gorputza jantzan jarteko, poztasunez biziteko, maitasunagaz gozetako, lagunartera zoriontasuna ekarteko, runbea euskeraz ezagutzeko.
Kilimak taldea dira Agus Garmendia: abeslaria eta gitarristea; Ione eta Ihintza Zozaya: abeslariak; Ander Larrañaga Larra: perkusinoa; Antxon Gutierrez: baxua: eta Oskitz Gorrotxategi: tronpetistea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!