Eusko Ikaskuntzak Jon Bagües saritu dau

Bizkaie! 2021-10-21 13:15   Musikea

Euskal musika ondarearen alde egindako lanagaitik emongo deutso 2021eko Manuel Lekuona Saria. 

Ana Urkiza (Eusko Ikaskuntza) eta Jon Bagües | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikearen arloan Euskal Herrian dagoan aditurik handienetako bat da Jon Bagües Erriondo errenteriarra, hogei urtez Eresbil artxiboko zuzendari izandakoa. Beraz, Eusko Ikaskuntzak 2021eko Manuel Lekuona Saria emongo deutso, euskal musika ondarearen alderdi askotatik ekarpena egiteagaitik: berreskurapena, aholkularitzea, zabalkundea eta sustapena. 

Euskal komunidade globaleko personen lan osoa (opera omnia dalakoa) autortzeko emoten dau saria Eusko Ikaskuntzak urtero, 1983tik. Bertoko eta kanpoko euskal komunidadeen eretxia kontuan hartzen da hautagaiak topetako, eta erakunde kultural esanguratsuetako ordezkariek dabe azken berbea.

Aurtengo epaimahaian honeek erakundeak egon dira: Euskalerriaren Adiskideen Alkartea, Aranzadi Zientzia Alkartea, Barandiaran Fundazinoa, Euskal Kultur Erakundea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua, Euskarabidea eta Eusko Ikaskuntza.

Filosofia eta Letrak ikasi eta gero, Musikearen Historian espezializadu zan Jon Bagües unibersidadean, eta La música en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País tesiagaz lortu eban doktorautzea. 1979an Eusko Ikaskuntzaren Musika sailaren sortzaileetako bat izan zan, eta atal horretako buru izan zan urte batzuk geroago (1990-96). 

Eresbil Euskal Musikearen Artxiboan egindako ibilbideagaitik nabarmendu da gehien Bagües. 2000tik 2020ra bertako zuzendari izan zan, eta euskal musikearen historia batu, aztertu eta gizarteratzeko proiektu ugari bultzatu zituan. 

Remigio Mendiburuk egindako eskulturea jasoko dau Bagüesek Manuel Lekuona Saria emoteko ekitaldian. Noiz eta non izango dan ez dau zehaztu oraindino Eusko Ikaskuntzak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu