Uribe Butroek be aurrera egin dau BBK Sariketan

Bizkaie! 2021-10-20 13:36   Bertsolaritzea

Arratiak baino puntu gehiago batu ditu Mungiako saioan.

Mungiako saioa (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolari Gazteen BBK Sariketako bigarren kanporaketea Mungiako Torrebillela aretoan jokatu da, herriko ikastetxeetako gazteak entzule dirala. Uribe Butroe eta Arratiako taldeak lehiatu dira, Iñaki Iturriotz gai-jartzailearen esanetara. Epaileen puntuazinoaren arabera, Uribe Butroekoek irabazi dabe, eta, beraz, txapelketako hurrengo fasean kantauko dabe, finalaurrekoetan.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak zabaldu dauen zerrendearen arabera, Uribe Butroeko seikotean honeek egon dira: 18 urtera arteko mailan, Lur Olabarri, Eneko Elordui eta Izaro Bilbao; eta 25 urtera artekoetan, Ainhoa Gorostiaga, Joseba Ortuzar eta Jokin Arriola.

Arratiaren ordezkariak honeek izan dira: 18 urtera artekoetan, Aner Zuluaga, Joane Bilbao eta Maindi Estiballes; 25 urtera bitartekoetan, Amaiur Atxa, Unai Intxausti eta Irune Basagoiti.

Mungiako saio honetako epaileak Beñat Romero, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi izan dira; idazkari, Idoia Anzorandia. 

BBK Sariketako hurrengo kanporaketa biak datorren astean jokatuko dira. Urriaren 25ean, Gueñesen, Enkarterri/Ezkerraldea eta Lea Artibai izango dira oholtzan. 27an, Bilbon, Hego Uribe eta Busturialdeko bertsolari gazteen txandea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu