Euskadi Sariak Alex Gurrutxaga, Txani Rodriguez, Javier de Isusi eta Mikel Reparazentzat
2021-10-20 12:49 KultureaXabier Leteren inguruko lan batek irabazi dau euskerazko saiakerearen kategorian.
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak eta Kultura zuzendari Andoni Iturbek jakitera emon ditue ze lau autorek irabazi dituen 2021eko Euskadi Literatura Sariak, beste horrenbeste modalidadetan. Berez, zazpi kategoria dagoz, baina beste hiruretako irabazleak pasa dan astean iragarri zituen.
Alex Gurrutxaga, Txani Rodriguez, Javier de Isusi eta Mikel Reparaz dira lau kategoria horreetako irabazleak. Xabier Leteren inguruko liburu bategaitik irabazi dau saria Alex Gurrutxaga Muxika zarauztarrak, euskerazko saiakerearen atalean. Alberdaniak kaleratu eban Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria lana.
Kategoria horretako epaimahaian Juan Ramon Makuso, Patxi Juaristi, Aitor Zuberogoitia, Amaia Bacigalupe eta Katixa Agirre egon dira. Gure poeta handienetako bat ezagutzeko bidea zabaltzeagaitik ebatzi dabe saria Gurrutxagari emotea, eta Leteren figurea alderdi askotatik aztertu dauelako: haren pentsamenduak eta ideak ezagutu geinkez liburuan, baita kantagintzan egindako bidea be, sasoian sasoiko giro sozialean kokatuta.
Txani Rodriguezek, bestetik, gaztelaniazko narratibearen atalean irabazi dau aurtengo Euskadi Saria, Los últimos románticos lanagaitik. Epaimahaiaren ustez, zorrotza da Rodriguezen lana, zehaztasun handikoa, baina erritmo narratiboari bikain eutsita. Autorearen ahots freskoa eta berezkoa be nabarmendu ditue epaimahaikideek.
Javier de Isusik lan literarioen ilustrazinoen kategorian eskuratu dau saria, Transparentes. Historias del exilio colombiano libururako egindako irudiakaitik. Pisu emozional handiko komikia dala dino epaimahaiak, baina, aldi berean, arina eta biribila egituraz.
Azkenik, Mikel Reparaz kazetaria be Euskadi Sarien plamaresean sartu da, gaztelaniazko saiakerearen kategorian. Las grietas de América liburuan Estadu Batuetako gaurkotasun politikoaz eta sozialaz idatzi dau, han pasautako urteetan pilotutako esperientziatik abiatuta. Reparazen lanaren gaurkotasuna eta koherentzia txalotu ditu kategoria horretako epaimahaiak.
Zemendiaren 18an egingo dabe Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia, Gasteizko Artium Museoan, zazpi kategorietako irabazleak eta erakunde publikoetako ordezkariak bertan dirala. Saritu bakotxari 18.000 euro emongo deutsez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!