Euskadi Literatura Sariak, Lizarralde, Lertxundi eta Elosegirentzat

Bizkaie! 2021-10-14 12:49   Kulturea

Narratiban, ume eta gazteentzako literaturan eta itzulpengintzan irabazi dabe, hurranez hurran.

Zupiria, Lertxundi, Lizarralde, Elosegi eta Iturbe (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2021eko Euskadi Literatura Sarietako hiru kategoriatako irabazleen izenak emon ditu Eusko Jaurlaritzeak (aurrerago emongo dau beste kategorietako irabazleen barri). Euskerazko narratibearen atalean, Pello Lizarralde aukeratu dau epaimahaiak, Argiantza liburuagaitik. 1980ko hamarkadan kokatutako nobela horretan, zinemagintzearen beheraldia kontetan dau idazle nafarrak, bideoak gaina hartu eutsanean.

Lizarraldek aurreko obretako estilo eta asmoari eutsi deutso Argiantza izeneko honetan be. Hau da, ekintzak eta ezohiko jazoerak kontau beharrean, persona arruntak gauza arruntak egiten erakusten ditu. Personaien eta giroaren barri modu zehatzean emoten deusku, deskribapenerako teknika bikaina erakutsiz. 

Euskal literaturan arrastoa itxi dauen liburua da Erein argitaletxeak plazaratutako Argiantza. Izan be, 111 Akademiaren Saria irabazi eban 2020an, eta orain Euskadi Saria be emon deutse Lizarralderi. 

Ume eta gazte literaturearen kategorian, euskerazko modalidadean, eskarmentu handiko beste idazle bat izan da irabazlea, Anjel Lertxundi hain zuzen. Haltzaren muinoa nobelea edade guztietako irakurleentzat aproposa dala esan izan dau Lertxundik, baina, funtsean, ume eta gazte literaturearen ezaugarriak dituanez, kategoria horretan sartu dabe Euskadi Sarietan, bai eta saria emon be. 

Abentura liburua da Haltzaren muinoa, eta protagonistea arbola bat da, haltza. Urioleak bere lekutik eroten dauenean, haltzak bidaiatzearen plazera deskubriduko dau. Elkar argitaletxearen eskutik kaleratutako liburu horretan Antton Olariagaren marrazkiak be aitatzekoak dira. 

Azkenik, itzulpengintzearen arloan, Euskadi Saria Joxan Elosegirentzat da aurten. Irene Solaren katalanezko liburu bat euskeratu dau, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak izenburupean eta Alberdania argitaletxearen eskutik.

Pirinioetako bizimodua erakusten dau Solaren obreak, gehienbat emakumeen ikuspegitik; bizimodu gogorra da, mendiari eta natureari lotua. Sari eta autortza ugari jasotakoa da Solaren jatorrizkoa, eta Elosegiren lanari esker, euskeraz be gozau geinke katalanezko literaturearen harribitxi horretaz. 

Irabazle bakotxari 18.000 euro emongo deutsez. Ganera, narratibearen eta ume eta gazte literaturearen kasuetan, beste 4.000 euro eskuratu ahal izango ditue irabazleek, euren obrea beste hizkuntza batera itzultzen bada. 

Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian emon dabe irabazleen barri. Hiru sarituez gan, Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta atal horretako sailburuorde Andoni Iturbe egon dira. 2021. urtea osasun egoereak baldintzatu dau, eta literatureari esker arnasea hartuko eban batek baino gehiagok, adierazo dau Zupiriak. Gure uztearen aniztasuna eta oparotasuna erakusten dabe Euskadi Literatura Sariek, ganeratu dau sailburuak.

Lizarraldek, Lertxundik eta Elosegik, aurrerago jakitera emongo diran beste lau kategorietako irabazleakaz batera, zemendiaren 18an jasoko ditue sariak, Gasteizko Artiumen egingo dan ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu