Arabako zortzi ikastolek bat egingo dabe 2022ko Araba Euskeraz atontzeko
2021-10-20 10:07 Euskerea berbagaiGasteizko Olarizuko landetan izango da jaia, bagilaren 19an.
Antolakuntzeari jagokonez pixka bat desbardina izango da 2022ko Araba Euskeraz jaia, herrialdeko ikastola guztiek alkarregaz lan egingo dabelako prestakuntza guztiak egiteko. Ikastolen Alkarteko kide diran zortzi zentro dagoz Araban, eta Gasteizen agertu dira horreen guztien ordezkariak, azalpenak emoteko.
2022ko Araba Euskeraz Zortzigarren alaba lemapean egingo dabe, Gasteizko Olarizuko landetan, bagilaren 19an. Zortziari ikutu sinbolikoa emon deutse ikastolek, herrialdearen izakereagaz bat datorren zenbakia dalako: zortzi ikastola dira, zortzi kuadrilla (zazpi ofizial eta Trebiñu); Gorka Knörren kantuaren arabera Araba zazpigarren alabea bada, Trebiñu zortzigarren alabatzat jo leiteke.
Izan be, bagileko zortzi ikastolen artean antolatuko daben arren, batutako dirua Argantzon Ikastoleari laguntzeko izango da. Trebiñuko konderrian dago Argantzon, Arabaren bihotzean, baina administrazinoz Burgosen.
2003an zabaldu eben Argantzongo Ikastolea, ordura arte Trebiñuko neska-mutilek Gasteizeraino joan behar ebelako euskeraz ikasteko. Gaztela-Leongo Gobernuak baimen administratiboa emon deutso zentroari, baina finatziazinorik ez. 2019an Manzanos-Sagastietako Lehen Hezkuntzako egoitzea zabaldu eben, eta, gaur egun, 67 ikasle dabiz Argantzongo Ikastolara.
Jaia egiteko Olarizu aukeratu izana be ez da kasualidadea. Bertan egin zan, 1981ean, lehenengo Araba Euskeraz, eta 41 urte geroago keinua egingo deutse edizino aintzindariari. Nestor Basterretxeak egin eban lehenengo logoan oinarritu dira 2022koa diseinetako. Artista bermeotarraren haretxaren hostotik atera ditue arbola ugariren hostoak, Arabako ikastolen zein naturearen aniztasuna erakusteko.
Bagilaren 19koa, batez be, ume eta familiei zuzendutako jaia izango dala aurreratu dabe ikastolek, baina edade guztietako jentearentzako jarduera kulturalak be atonduko ditue. Parte-hartzailea, ludikoa eta euskerearen erabilerea bultzatuko dauena izango da Olarizuko Araba Euskeraz.
Egun nagusia bagilekoa izango dan arren, ikasturtean zehar bestelako ekitaldi batzuk be egingo ditue Arabako zortzi ikastoletan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!