Udaletako hizkuntza politikak aztertuko ditue zemendiaren 18 eta 19an

Bizkaie! 2021-10-19 13:40   Euskerea berbagai

Euskerea bizibarritzeko bidean alkarlana bultzatzea izango da Donostiako hitzorduaren helburua. 

Miren Dobaran eta Paul Bilbao, jardunaldiak aurkezten (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Euskalgintzearen Kontseiluak bat egin dabe Udalak eragile izeneko topaketea antolatzeko, zemendiaren 18 eta 19an, Donostiako Miramar jauregian. Lekuan lekuko hizkuntza-politikak aztertuko ditue, euskerearen normalizazinoan udalen eta erakunde txikiek esperientziak ezagutu eta alkarlanari ekiteko.

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok agerraldia egin dabe, jardunaldiaren nondik norakoak azaltzeko. Udalen arteko lankidetzea sustatzearen eta esperientziak konpartidutearen alde egin dabe biek. 

Praktika onak eta eraginkorrak konpartidutea ezinbestekoa da herri guztietan egiten dabizanaren katalogo osoa izateko eta lekuan-lekuan behar diran egitasmoak aukeratu eta martxan jarri ahal izateko, azaldu dau Dobaranek. Euskerea bizibarritzeko prozesuaren fase honetan alkarlana beharrezkoa dala uste dau sailburuordeak: ezagutzan aurrerapauso handiak egin doguz, baina erabilera sustatzeko lanean asmatzeko prestakuntzea, plangintzak eta alkarlana behar doguz, erronka handiegia dalako.

Hain zuzen be, bide horretan sakontzeko tresnea izango da topaketea. Paul Bilbaoren arabera, hizkuntza-politiketan, herritarren ikuspegitik, udalek protagonismo handia hartzen dabe, herritarrakandik hurren dagozan erakundeak diralako. Kontseiluak lanketa bereziak egiten ditu udalakaz.

Bigarren aldiz antolatuko ditue Jaurlaritzeak eta Kontseiluak era honetako jardunaldiak alkarregaz, hizkuntza-politiketan sakontzeko asmoz. Bigarren aldi honetan, lekuan lekuko ikuspegia lantzea egokitzat jo dabela dino Bilbaok, udalak be eragile izan daitezan.

Jardunaldiak udaletako arduradun politikoei, idazkariei eta euskera teknikariei zein aholkularitza-enpresei zuzenduta dagoz, eta udaletako hizkuntza-politiketan urrats barriak eta eragingarriak egiteko aukerak aztertuko ditue. Udalek martxan jarritako praktika egokiak azaltzea, indarrean dagoan araudiak eskaintzen dituan aukerak aztertzea eta udalek eskura dituen tresnen errepasoa egitea izango da programazinoaren ardatza.

Izena emoteko epea zabalik dago, eta doban da. 

Egitarau osoa eta izena emoteko orria, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu