‘Martin Ugalde Orradre: jaiotzearen mendeurrena’ erakusketea zabaldu dabe Bilbon

Bizkaie! 2021-10-07 13:55   Kulturea

Urriaren 7tik 27ra arte egongo da Bizkaia Aretoko Txillida erakusketa-aretoan.

Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai Ugalde Martinen semea, Lore Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, Bea Zabalondo Bizkaiko Campuseko Euskera eta Kulturako Zuzendaria, Miren Ibarluzea UPV/EHUko Kultura zuzendaria eta Joanmari Larrarte, Martin Ugalde kultur parkeko ordezkaria. 

Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarra jaio zala 100 urte beteko dira datorren zemendiaren 11n eta urteurrena gogoratzeko, urte osorako programea jarri dabe aurten martxan.

Erakusketea Hondarribia eta Donostiatik igaro ostean, Bilbon dago orain kazetari eta euskaltzale andoaindarrari buruzko Martin Ugalde Orradre: jaiotzaren mendeurrena (Andoain 1921 – Hondarribia 2004).

Bilboko Bizkaia Aretoan dago urriaren 27ra arte, astelehenetik obarikura, 10:00etatik 20:00etara.

Erakusketeak lau atal nagusi ditu: Batetik, sei ataletan, haren bizitza eta obrea ezagutarazoko dira hainbat erretratuz lagunduta. Horrezaz gan, bitrina batetan Andoaingo Udalak bere funtsetik itxitako zenbait elementu erakutsiko dira: Ugaldek eskuratutako sarien diplomak, alkarrizketak egiteko erabilten eban grabagailua...

Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko ordezkariak adierazo dauenez, Oso eskertuta gagoz mendeurren hau Ugaldek nahiko eban eran atondu dogulako, alkarlanean. Eta oso eskertuta akademiak be bat egin dauelako. Eskerrak barriro be Euskal Herriko Unibersidadeari.

Miren Ibarluzea UPV/EHUko Kultura zuzendariak gogorarazo dau: Euskal Herriko Unibersidadearen estatutuetako lehenengo artikuluak dakar kultura eta zientzia unibersalaren jakintzea zabalduko dauela gizartean eta euskal kulturea bultzatuko dauela gehienbat. Izakera eta helburu horreei bete-betean erantzuten deutsen erakusketea da Bilboko Bizkaia Aretoan ikusgai jarritakoa: kazetari, idazle, politikari eta kultur eragile unibersala izan zan Martin Ugalde, egungo euskal kultur sistemako egituren oinarri. Martin Ugaldek emondakoa zabaltzea dogu helburu.

Martin Ugalde

1921eko zemendiaren 11n Andoainen jaioa, Martin Ugalde euskal kulturearen eta euskerearen alde egindako lanagaitik nabarmendu zan, Euskaltzaindiako ohorezko kidea zan eta bere karreran literatur sari ugari irabazi zituan.

Gerra Zibilaren ostean Venezuelara erbesteratu zan. Erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Venezuelako EAJko presidentea izan zan. Karibeko herrialdean, Euzko Gaztedi aldizkaria sortu, Euzkadi argitalpena zuzendu eta Elite egunkari karakastarraren erredakzino burua izan zan.

25 urteko erbestealdiaren ondoren itzuli zenean, 1969an, Ugaldek hainbat literatur lan argitaratu zituen. 1977an Deia egunkaria bultzatu eta 1991tik aurrera Euskaldunon Egunkariako Administrazino Kontseiluko presidentea  izan zan. Euskaldunon Egunkariaren ohorezko presidentea be izan zan, egunkari horren sortzailea izan baitzan. Era berean, Euskal Herriko Unibersidadeak Honoris Causa doktore izentau eban 1999an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu