Foratata: Formigal eta Sallent de Gallego herri zoragarrien begiralea
2021-10-18 11:22 Ibilian-ibilianBegiak zabal-zabal edegi eta ikuspegi parebakoaz gozau!
Pirinioetako Tenako Bailaran gara barriz be: aurreko batean Pacino menditik bailarako ikuspegirik ikusgarriena erakutsi neutsuen, eta, oraingo honetan, ikuspegi horren elementurik aitagarriena izango dogu hizpide; zein eta Foratata mendia (2.321 m). Oinezean abiatuko garenez, lagun artean, Foratata occidental izenez ezaguna dan tontorrera baino ez dogu igongo, Foratatara bertara eskaletan igon behar dalako; hori beste egun baterako itxiko dogu, bertako lagunen bategaz joateko aukerea dogunerako.
Hasi gaitezen, bada. Formigalera heldu eta herriaren goikaldera egingo dogu, hain zuzen be, txaletak dagozan zonalderantz, eta hemen aukera bi izango doguz: parke baten aurrean dagoan aparkalekutik hastea edo Hotel Alto Aragoneko aparkalekutik abiatzea. Guk azken honetatik egin dogu, uda partean bertan izan nintzalako familiagaz eta bertako batek bidearen barri emon eustan. Bidea nahiko markauta dago, ez da lan gatxa jarraitzea, baina, halandabe, track-a jarri dot Wikiloc-en, badaezpada, segurtasun handiagoa izateko.
Hainbat eta hainbat bide dagoz igoteko, batzuek eskaladako bideen azpietara eroaten dabe, beraz, ez gaitezan nahastau. Bestalde, guk egingo dogun lepotik aparte, La Faja Herbosatik eta aereoagoa dan eta II. graduko pausuak dituan Hegoaldeko Tximiniatik be igon leiteke bertara.
Txaleten osteko hesia zeharkatu, zelaian sartu eta aurrera egitean, ate batera helduko gara. Bideari jarraituz, bidezidorretik egingo dogu aurrera, Foratoko magalera heldu arte. Bertatik ikuspegia ikaragarria da, Anayet aurrez aurre begira dogula. Eskumarantz joko dogu, gora eginez, Foratata occidentaleko hormetara abiatuko bagina lez. Aurrerago, leunago dagozan igarobide batzuetatik pasauko gara, baina ez dago aparteko arriskurik, kateak dagozalako heltzeko, behar izan ezkero.
Arku ikusgarria atzemongo dogu geure eskumaldean, eta handik Formigal herria txiki-txiki ikusten hasiko gara. Tontorretik hurrago gagozala esan nahi dau horrek. Itzela da ingurua, era guztietako terrenoak ditu, zelaiak, hatx asko, gorabeherak eta abar. Une horretan, Infernuko Gailurren edertasun mugabakoa izango dogu geure begien gozamenerako. Jarraitu daigun, bada.
Harri artean sartuz, pixkanaka-pixkanaka Foratata bien artean dagoan lepora helduko gara eta, eskaletan igon ohi dan ezker aldeko mendian kordadarik ete dauen begiratu eta harriaren handitasunaz gozau ondoren, eskumaldera joko dugu, gaurko erronkea hortxe bertan izango dogulako, konplikazino handirik bako trepadatxu bat eginez. Jentea baldin badago lekuren bat bilatu beharko dogu lasai egoteko, baina inor ez badago mendia bete-betean gozetako aukerea izango dogu. Orain bai, begiak zabal-zabal edegi eta panoramika parebakoaz gozau: Lanuzako urtegia, Infernuak, Telera, Escarra, Pala de Ip, Arriel, Balaitus, Palas, Anayet, Tebarray, Garmo negro, Argualas, eta beste asko. Mendi zoragarria bere osotasunean, bereziki gustau jatana.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!