Ortuellan irabazita, finalaurrekoetan kantauko dau Txaber Altubek
2021-10-18 07:55 BertsolaritzeaBizkaiko Txapelketako hirugarren kanporaketan nagusi izan da Abadiñoko bertsolaria.
Jentez beteta egin deutso ondoetorria Ortuellako herriak 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketeari, Gorbea aretoan. Oholtzan, Idoia Anzorandia gai-jartzailearen aginduetara, sei bertsolari: Asier Alcedo Cano, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Mikel Retolaza Etxebarria, Peru Vidal Gurrutxaga eta Txaber Altube Sarrionandia. Azken hau izan da irabazle.
Epaileek 484,5 puntu emon deutsez Txaber Altuberi, seikotearen buruan amaitzeko nahikoak. Horri esker, Abadiñoko bertsolari gazteak finalaurrekoetan kantetako txartela zuzenean eskuratu dau, beste saioetako emoitzei itxaron barik.
Bigarren Mikel Retolaza izan da (457 puntu) eta hirugarren, Julen Ibarguengoitia (446). Ondoren geratu dira Peru Vidal (433), Garikoitz Sarriugarte (416) eta Asier Alcedo (403,5). Honeek bai, beste saioetako puntuazinoen arabera jakingo dabe hurrengo fasera pasauko diran ala ez.
Ortuellako saioko epaileak Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea izan dira, eta Itziar Basterretxea Olarreaga idazkari.
Hurrengo saioa, txapelketako laugarren kanporaketea, Mungiako Olalde Aretoan jokatuko da, urriaren 23an. Honeek bertsolariak izango dira protagonistak: Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Arkaitz Zipitria, Koldo Gezuraga, Oihana Bartra eta Paule Loizaga.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!